Ion GARATE
Interview
ION IZAGIRRE
Cofidis taldeko txirrindularia

«Ez dugu etsitzen eta datozen egunetan borrokan jarraituko dugu»

Tourrak hirugarren eta azken atseden eguna izan zuen atzo, Pirinioetako etapa erabakigarrietan sartu aurretik. Hori baliatuz, Ion Izagirre Cofidis taldeko txirrindularia NAIZ Irratian izan zen. «Sentsazio onak» dituela azaldu zuen eta, «etxetik gertu» jokatuko diren datozen etapa garrantzitsuen aurrean, «motibazioz gainezka» dagoela ziurtatu zuen.

Gauza asko erabakitzeke daudela azken aste erabakigarrian sartuko da Tourra gaurtik aurrera. Atzo izan zuten txirrindulariek azken atseden eguna eta egun gogorrak izango dituzte aurretik orain Pirinioetan barrena. Arnasa hartzeko atseden eguna baliatuz, Ion Izagirre ormaiztegiarra NAIZ Irratiko mikrofonoetan izan zen atzo, lasterketaren balantzea egin asmoz. Euskal Herrian bezalaxe, Frantzian ere bero ikaragarria egiten ari dela esan zigun, eta horri tropelaren erritmo bizia gehitzen badiogu, aurtengo lasterketa «gogorra» doala aitortu zigun gipuzkoarrak. Taldearen helburuak ez dira aldatu ere argitu zigun: «Simon Geschken mendiko maillota mantendu eta etapa garaipenen lehian borrokan jarraitzea nahi dugu».

Hirugarren eta azken atseden eguna. Zer moduz zabiltza? Zein sentsazio dituzu?

Ondo, ondo. Egia esan, eskertzen da atseden eguna hainbeste egun eta gero. Gogotsu azkeneko asteari ekiteko. Etapa egokiak datoz guretzako eta etxetik gertu gabiltza; beraz, motibazioz gainezka.

Beroa ere ikaragarria izaten ari da Tourrean. Nekea sumatzen al duzue?

Bai, bai. Argi dago beroak ez duela laguntzen. Egia da ere lasterketa egunero oso azkar doala eta horrek ere, egunak pasa ahala, nekatiago egiten du, baina oraindik indar apur batzuk baditugu.

Alpeetan saiatu zara, baina oso garesti dago garaipena. Orian Pirinioak datoz, egokiagoak akaso zuretzat, ezta?

Bai. Hor ibili gara, ihesaldi batzuk hartu ditugu. Saiatu gara etapak lehiatzen, baina ezin izan dugu lortu. Ez dugu etsitzen; oraindik eretaldean helburu garbia dugu eta datozen egunetan horretan jarraituko dugu.

Datozen etapetatik, baten bat begiz jota al duzu?

Ez. Egia esan, hemendik aurrera, Pirinioetan datozen hiru egun hauek izango dira garrantzitsuenak. Hortik aurrerakoak esprintentzako etapa bat, erlojupekoa eta Pariseko etapa datoz; beraz, egunero saiatu beharko dugu.

Aipatu bezala, aurtengo Tourrean inoiz baino garestiago dago garaipena, ezta?

Bai, bai. Ihesaldiak nahiko jendetsuak izaten ari dira eta ez da erraza hori kudeatzea. Hainbeste jende dagoenean, taldekide bat baino gehiagorekin... Taktikoki mugimendu asko egoten dira hor barruan, eta ez da erraza.

Taldean hortxe duzue Simon Gerschke mendiko maillotaren jabe. Pentsatzen dut, pasa den astean aipatu zenuen bezala, helburuak hortxe mantentzen direla, mendiko maillota mantendu eta etapa garaipena lehiatzea.

Bai, bai. Egia da egunak pasa ahala oraindik ere maillot hori mantentzen duela eta orain datozela Pirinioak; bertan puntu asko pilatuko dira, eta, guretzat, talde bezala, garrantzitsua izango litzateke Parisen podiumean egotea Simonekin.

Hautagai nagusien artean, pasa den astean aipatzen genuen Pogacarrek garaiezina zirudiela. Bada, a zer-nolako ezustekoa izan genuen Alpeetan! Pentsatzen dut tropelean ere sekulako harridura sortuko zuela gertatutakoak...

Bai. Gutxitan ikusi dugu horrelako egoera batean Pogacar, baina badakigu iraupen luzeko lasterketa dela Tourra eta egunero borrokatu beharra dagoela; begira, atzo ere [igandean], Vingegaard bera lurrera joan zen. Oraindik ere aste oso bat geratzen da eta hemen edozer gauza gerta liteke.

Pasa den astean zure atseden eguna nolakoa izan zen kontatu zenigun. Aldaketarik bai?

Nahiko lasai hartu dugu. Hori bai, bihar [gaur] etapa gogorra dugula ikusita, gorputzari estualdi bat ematea gustatzen zait, bestela oso erraz erlaxatzen da-eta gorputza. Hala, bihar [gaur] berriro egurra ematea tokatzen denez, gaur [atzo] pixka bat eman diogu.