GARA
NEW YORK

Melillako sarraskiarengatik erantzukizunak exijitu dituzte 74 GKEk Nazio Batuen aurrean

Melillako gertakariengatik protesta.
Melillako gertakariengatik protesta. (Antonio SEMPERE | EUROPA PRESS)

Pasa den ekainaren 24an gutxienez 23 pertsona hil ziren -37 gobernuz kanpoko erakundeen esanetan- Melillako hesia igarotzen saiatzen ari zirela, Espainiak eta Marokok haien kontra erabili zuten «gehiegizko indarraren» ondorioz. Bada, gobernuz kanpoko 74 erakunde Nazio Batuei zuzendu zitzaizkien atzo erantzukizunak exijitzeko.

74 erakundeek Nazio Batuen aurrean jarritako salaketaren berri eman zuten jakinarazpen bateratu batean, eta ohartarazi zuten Hegoaldeko Muga kanpora ateratzeko Europar Batasunaren politikak «bizitzarako eskubidean ondorio larriak» eragiten dituela. Hori horrela, «segurtasun-indarren disuasio-praktika bortitzak» ikertzea exijitu zuten, «Espainiak eta Marokok berresten duten Giza Eskubideen Nazioarteko Itunen urratze larria dakartelako».

Deportazioak edo derrigorrezko lekualdatze praktikak nahiz pertsona migratzaileei eragindako lesioak eta heriotzak justiziaren aurrera eramatea ere eskatu zieten Espainia eta Marokoko gobernuei.

Gertaeren lekura bisita.

Gertaeren lekura bisita bateratua egitea ere eskatu zuten 74 erakundeek, informazioa bildu eta bi gobernuekin elkarrizketa bat izateko, «gertaerok berriro ez gertatzeko beharrezko neurriak har daitezen».