GARA
REALA

Take Kubo, Realean bere maila erakusteko prest

Take Kubo japoniarra, Realeko elastikoarekin.
Take Kubo japoniarra, Realeko elastikoarekin. (REALA)

Realean jokatzen duen lehendabiziko japoniarra bilakatuko da aurki Take Kubo. Datu esanguratsu hori nahikoa izan da klub txuri-urdinak sare sozialetan taldearen inguruko informazioa japonieraz zabalduko duen kontu ofiziala irekitzeko eta, egun erdian, 10.000 jarraitzaile biltzeko.

Jokalari gaztearen atzoko aurkezpen prentsaurrekoan ere nabaria izan zen kazetari japoniarren presentzia. Atzo jantzi zuen lehen aldiz elastiko txuri-urdina Kubok eta ondoren prentsaren aurrean adierazpenak egin zituen. Kubok nabarmendu zuenez, bere jokatzeko moduarentzat «klub ezin hobea» da Reala, «gaztea eta anbizioz betea». «Oso pozik nago talde honen parte izateaz», berretsi zuen. Reala jokalari indartsuz osaturiko taldea dela azpimarratu zuen eta, helburuez hitz egitean, ez zen motz geratu: «Iaz Europa League txapelketa irabazi zuten bi japoniarrek, zergatik ez gara gu saiatuko?»

Real Madrilek 2019an fitxatu zuen Kubo, baina lehen taldearekin debuta egin gabe utzi du kluba. Azken hiru denboraldietan hiru talde ezberdinetan jokatu du utzita: Mallorcan 2019-20an, Vila-real eta Getafen 2020-2021ean eta iaz, azkenik, berriz ere Mallorcan. Realak, aldiz, fitxatu egin du japoniarra eta, Kuboren ustez, «oso garrantzitsua» da kontratu luze baten babespean egotea behingoz jokalari moduan dituen dohainak erakutsi ahal izateko. Realak jakinarazi duenez, 2027. urtera arte sinatu du klub txuri-urdinarekin; alegia, datozen bost urteetarako. «Utzita jokatu gabe lasaiago nago», adierazi zuen Take Kubok, hitz gutxitan baina adeitasunez.

Aurkezpenean, Kubok onartu zuen Realean lehiakortasuna handia dela berak jokatzen duen postuetan. «Hasiera batean eskuin hegalean edo erdian ikusten dut nik nire burua. Uste dut hemen eskuinean hasiko naizela, baina ez daukat ideiarik ere», adierazi zuen oraindik Imanolekin hitz egiterik izan ez duela aitortuta. Bere fitxaketak sortutako ikusminaren aurrean, adierazi zuen ez duela inor behartzen berari buruz ondo pentsatzera, «nik futbol zelaian hitz egiten dut».

ETORKIZUNERA BEGIRA

Udara honetan Realak hiru fitxaketa egin ditu jada, inoizko gasturik handiena eginez merkatuan. Ildo horretan, Jokin Aperribay presidenteak azaldu zuen osatu duten talde gazteak orainari ez ezik etorkizunari ere begiratzen diola. «Hori da Realarentzat garrantzitsuena. Etxeko jokalariak eta kanpotik etorri direnak gauza handiak egiteko atarian daudela uste dut».