Idoia ERASO
MUSKILDI

Balore unibertsalen defentsa «Simone Veil» pastoralean igandean

Muskildiarrek «Simone Veil» pastorala estreinatuko dute igandean, Maite Davant errejentaren gidaritzapean, Battitta Berrogainen testuari jarraikiz eta Sophie Larrandabururen kantak interpretatuz. Hiru emanaldi izango ditu antzezlanak, tradizionalki egiten diren bien ordez, ikusleen kopurua betiko 3.500etatik 2.000ra jaitsi dutelako aurten. Engaiamendu eta balore unibertsalen defendatzailea izan zen emakumea da aurten protagonista.

Pastoralaren mustraka orokorra egin zuten muskildiarrek joan den asteburuan.
Pastoralaren mustraka orokorra egin zuten muskildiarrek joan den asteburuan. (Guillaume FAUVEAU)

Muskildin dena prest dago igandean pastoralaren maitaleei harrera egiteko. Joan den igandean egin zuten azken mustraka, arropa bereziekin, eta Davanten arabera dena ongi joan zen: «Iruditu zitzaidan jokalariak hobeki sartu zirela haien pertsonaietan horri esker».

Jokalariak 95 dira aurten, eta justuki, azken hilabeteetan egindako lanaren parte zailena hori kudeatzea izan dela baieztatu du errejentak: «Zailtasun handiena izan da sozial mailan, pertsonen kudeaketan, gero gauzak argituta, harrera bikaina izan dut; taldea biziki baikorra izan da».

Davant zuzendari lanetan aritzen den lehen aldia da, nahiz eta lehenago beste lau pastoraletan parte hartu duen: «Hastapenean testatu naute, ea zer egiten nuen; batzuek zailtasuna izan dute sinisteko, baina gero ongi pasatu da». Emakume batek Zuberoako pastorala zuzentzen duen lehen aldia ere bada, baina horrek eraginik ez duela izan baieztatu du.

Lan berri horretan, Berrogainen laguntza handia jaso duela nabarmendu du, aurtengo pastorala idazteaz gain, errenta izandakoa ere badelako: besteak beste iaz Ürrüstoin egin zen “Abdelkader” obran. «Talde lana izan da, beti laguntza izan dut, eta sostengua erakutsi didate», aipatu du, musika zuzendariaren eta dantza irakasleen ekarpena ere nabarmenduz. Zuzendari guztiek bezala, bere ukitua eman dio pastoralari: «Nik proposamenak egin ditut asmatzen nuen bezala, baina ez dakit hori berrikuntza bezala ikusten ahal den. Ni kargu horretan izatea da berrikuntza handiena». Testuari garrantzi handia emanik, aldaketa txiki batzuk egin ditu, baina horrek ezer berezirik dakarren ikusleek erabaki beharko dutela adierazi du.

Apartekoa aurtengo protagonista edo sujeta da. Urtero pertsona nabarmena den arren, aurtengoa emakumea dela nabarmendu behar da, gutxitan izaten baita horrela, eta are gutxiago garaikidea, 2017an zendu zena. Veilek bizitza gogorra izan zuen, eta arras ekintzailea izan zen. Besteak beste, gaurkotasun handia duen abortuaren gaia pastoralean agertzea ekarriko du, bera izan baitzen Estatu frantsesean horren legea aurrera atera zuena, Osasun ministroa izan zen bitartean. Ordutik goiti emakumeen diskriminazioen kontrako borrokan erreferentea izan zen.

Pastoralak agerian emanen du bere ibilde luze eta latza. Hamasei urte zituela Auschwitzeko konzentrazio eta sarraski esparrura eraman zuten, gero bere bi ahizpekin handik ateratzea lortu zuelarik, eta ikasi eta magistratu bilakatu zen. 1979 eta 1982an Europar Parlamentuko presidentea izan zen: postu horretan izan zen lehen emakumea.

Berrikuntzak atxiki

. Iaz bi berrikuntza nagusi izan ziren. Alde batetik, eszena gainean gertatzen denari dagokionez, pastoralaren ohiko satan gorriei urdinez jantzitako dantzari “onak” gehitu zitzaizkien, eta aurten ere hor izanen dira.

Bigarrena, antolakuntzari dagokiona, ikusle gutxiago sartuko baita: normalean 3.500 ikusle inguru izaten dira, baina iaz, pandemia zela- eta, 1.000 ikusle izan ziren soilik, eta horrek ekarri zuen aldaketa maitatu zuten antolatzaileek. Antolaketa teknikoaz arduratzen den Isabela Barreixek azaldu duenez, «erdibidea hartu dugu: egiazki maitatu genuen iazko hurbiltasuna, eta ekartzen duen aisetasuna; horrela pastorala segitzeko gozo da, eta horretarako aurten 2.000 izanen dira».

Hautu horrek beste aldaketa bat ekarri du, ikusleak kanpoan ez gelditzeko, ohiko bi emanaldien beharrean hiru izanen baitira aurten: uztailaren 24ko estreinaz gain, 31n eta abuztuaren 6an. «Beste emanaldi bat eginda, kasik jende kopuru bera gelditzen da publikoan», esan du Barreixek.

Aurten tokiak gutxitzearekin, estreinerako sarreren aurresalmentak garrantzi berezia hartu du. Internetez erosten ahal dira helloasso webgunean xenda-berriak elkartearen atalean. Baita Maulen (Euskalduna), Atharratzen (M’aud), Donapaleun (Ferme Souletine), Donibane Garazin (Paris dendan) eta Baionan (Elkar liburudendan) ere.