GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Eromena: Broad Peak 7 ordu eta 28 minututan igo du Benjamin Vedrinesek

Eromen handiaren eta marka izugarri horren protagonista Benjamin Vedrines frantziarra izan da. Gainera, ez zuen oxigeno gehigarririk erabili eta gailurraren ingurumaritik parapentean hegan egin zuen.


Hamaika ikusteko jaioak omen gara, eta onartu behar dugu batzuetan hala izaten dela. Bederen, Benjamin Vedrinesek hori erakutsi digu. “One push hedo” irteera batean Broad Peak (8.051 m, Pakistan) igotzeko soilik 7 ordu eta 28 minutu behar izan ditu. Egun berean, joan den astelehenean, Denis Urubkok harritzen gintuen zortzimilako hori 14 ordu eta 40 minutuko denboran sinatu ondoren. Baina Vedrinesenak beste ikuspegi bat du; izan ere, Urubkoren kronoa erdira jaitsi du.

Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu Fast Know Time (ezagutzen den denbora onena) kontzeptua erabat hedatu dela Himalaiako zein Karakorumeko mendilerroetan. Baina Benjamin Vedrinesek erakutsi duen sasoiak den-denak aho bete hortz utzi ditu. Zortzimilako bat hain azkar igotzen lehen mendizalea da frantziarra.

Kanpaleku nagusi aurreratutik (4.900 m) irten zen, eta, ohiko bidean ziztu bizian ibili ondoren, 8.051 metrora dagoen tontorra zapaldu zuen. Hots, 7 ordu eta 28 minutuko krono horretan 3.151 metroko desnibel positiboa gainditu zuen. Beste era batera esanda, 420 metroko desnibela igo zuen orduko.

AITZINDARIAK.

Vedrinesek izaera horretako jarduerak gustuko ditu, baina batez ere Alpeetan. Iazko abuztuan, adibidez, Rosa mendiguneko hemezortzi laumilakoak lotu zituen. Baina, berez, alpinismo teknikoan ezaguna dugu. Besteak beste, aipatuko ditugu Charles Duboulozekin Chamlang mendian eginiko igoera edo Leo Billon eta Seb Ratelekin “Alpeetako neguko trilogia” proiektua. Oriangoan, gainera, tontorra erdietsi eta gero, hango ingurumaritik parapentean jaitsi zen.

Berezia da, baita ere, zortzimilakoetako espezialista handien denborak birrindu izana. Urubkorenaz gain, Krzystof Wielickirena mahai gainean jarri behar dugu. 1984. urteko espedizio poloniar batek Broad Peak 24 ordu baino gutxiagoan igotzea izan zuen xede. Wielicki kanpaleku nagusi aurreratutik irten zen, bide klasikoan sartu eta 15 ordu eta 40 minutu behar izan zituen gailurrera iristeko. Zortzimilako horretan egin zuen joan-etorri osoarentzat 22 ordu behar izan zituen. Urubkoren irteera puntua oinarrizko kanpalekua (4.800 m) izan zen. Aurretik zituen 3.250 metroko desnibel postiboak 14 ordu eta 40 minutuan “jan” zituen. Denera, 20 ordu eta 40 minutuko denbora egin zuen Broad Peak-en.