GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Parapentea lagun, alpinismo teknikoak beste ate bat zabaldu du

Will Sim britaniarrak eta Fabian Buhl alemanak Gulmit Dorrearen (5.800 m, Karakorum) lehendabiziko igoera sinatu berri dute. Hormara hurbiltzeko parapentean ia bi orduko hegaldia egin dute bi mendizaleok.


Garai batean, mendizaleen artean, gailur batetik parapentean hegan egitea modan jarri zen. Mendi txikietan ala handietan oraindik batzuk-batzuk joera hori praktikan jartzen ikusten ditugu. Egun, baina, parapentearen erabilera horrek beste norabide batzuk hartu ditu. Izan ere, lehen lerroko alpinista batzuek adimenari eragin eta alternatiba berriak aurkitu dituzte. Beste era batera esanda: parapenteari etekin oso egokia ateratzen diote.

Horietako bi protagonista Will Sim britainiarra eta Fabian Buhl alemana dira. Bada, soka gerrira lotzeaz gain, egin duten azken jardueran parapenteari leku “pribilegiatua” eman diote. Goi mailako bi alpinistok Gulmit Dorrearen (5.800 m, Karakorum) lehen igoera erdietsi berri dute. Baina ohiko hurbilketa bidea oinez egin ordez, parapentean egin zuten. Karimabad herrixkatik (Hunzako harana) hegan atera, dorrearen oinarrian lur hartu, eskiak jarri, paretan sartu eta bide berri bat eskalatu zuten.

Sokada europarrak igo berri duen marra (batez ere mistoa nagusi da) ez da muturrekoa, baina zailtasun oso “berezia” du. Azken hiru hamarraldiotan hainbat eta hainbat taldek izan dute helburu Gulmit Dorrea. Hunza haranetik irten eta Gurpi glaziarra zeharkatzen saiatu izan direnek, adibidez, eremu oso arriskutsuarekin egin dute topo. Eskuarki, lauzpabost eguneko hurbilketa izaten da, eta zama-eramaileek arazo handiak izaten dituzte kanpaleku nagusira heltzeko: luiziak, aldats pikoak, arrakala handiak… Horregatik guztiagatik, Gulmit Dorrearen tontorra zapaldu gabe zegoen.

Sim eta Buhlen hurbilketa bidea berezia izan zen oso. Hunzatik parapentean irten eta ordu eta erdian dorrearen ingurumarian lur hartu zuten. Hortaz, aipatu ditugun arrisku objektibo horiek guztiak saihestu zituzten. Eta, jakina, denbora irabazi zuten.

Bi protagonistok erakutsi dute parapentearekin bikain moldatzen direla. Eskarmentua badute. Buhl, adibidez, duela pare bat urte Cerro Torreko gailurretik hegan egin zuen lehen eskalatzailea bihurtu zen. Nahiz eta eskalatzaile eta alpinista zailduak diren, Simek aurreratu du Karakorumera egin duten bidaian parapenteari lehentasuna eman nahi izan diotela: «Hegan egiteko gogo izugarria genuen, baina, jakina, eskalada ere espedizioaren zutabe zen. Hunzako haranean ginela, lehen astean, ideia bat otu zitzaigun, ohartu baikinen Gulmit Dorrera hegoaldetik hurbiltzeko aukera izango genuela. Maiatzaren amaieran, Fabianek eta biok hainbat hegaldi egin genituen. Eguraldiak ez zigun batere lagundu, baina hilabetez mendi batzuen inguruan hegaldi laburrak eginez bikain igaro genuen denbora. Horrek, gainera, aukera eman zigun 4.000 eta 4.500 metroko kotetan gauak egiteko. Urrats garrantzitsua izan zen; batez ere, girora ondo egokituta geundelako eta hango klimaren ereduak ulertzeko baliagarria izan zelako».

Eguraldi kaskarra atzean utzi eta leiho on bat iritsi zitzaien. Horri esker, hegaldi luzeagoak eta teknikoagoak egiten hasi ziren. Mendi brisak zein eremu termikoak ondo kudeatu behar izan zituzten alde batetik eta bestera eraginkortasunez mugitzeko. Gainera, bizkar-zorroa zein parapentearen arnesa tresneriarekin beteta zituzten, eta horrek buruhausteren bat edo beste eragin zien. Paradigma aldaketa bat zen, eta egun batzuk teknika hori hobetzen aritu ziren: «Eskiak arnesetan zintzilikatu, termika bat hartu, haranak zeharkatu eta gai izan ginen 5.500 metrora lur hartzeko. Eskiatu, berriro hegan egin ‘etxera’ itzultzen ginen. Prozesu horri esker, kanpaleku nagusirik ez genuen antolatu behar. Karimabad zen gure aterpea. Horietako irteera batean, Gulmit izeneko arroa bisitatu eta dorrearen goiko aldea ikusteko aukera izan genuen. Argazki batzuk atera eta dorrea eskalatzeko balizko bide bat aztertzen hasi ginen».

IGOERA BEREZIA.

Plangintza guztia erabat lotuta zuten, baina eraman behar zuten zamarekin (sokak, eskiak, bibaka egiteko tresneria…) arduratuta zeuden. Zama gehiegizkoa zenez, Aaron Duragati kideak lagundu zien. Ekainaren 26an, martxan jarri ziren. Eguraldi iragarpena ona zen, eta, gosaldu eta gero, Karimabad herrixkatik hegan irten ziren: «Urduri geunden. Batetik, zama hori guztia parapentean garraiatzea ez delako batere segurua. Eta bestetik, termika bat hartzea ez dagoelako beti bermatua».

Simek zorte handia izan zuen; hamar minutuan 2.800 metrotik 6.000 metrora heldu zelako. Buhl, berriz, hamar minutu geroago aireratu zen, eta, termikak aldatu zirenez, borroka handia egin behar izan zuen altuera egokia harrapatzeko: «Ez zirudien Gulmit Dorrera heltzeko aukera izan genuenik, are gutxiago pareta eskalatzeko. Gurpiko glaziarraren goiko aldea eremu basatia da lur hartzeko. Artesiz betetako labirintoa da. Errimaiaren ondoan lur hartu genuenean poz izugarria hartu genuen; izan ere, bidaiaren lehen zatia arazorik gabe beteta genuen jada. Denda altxatu eta atseden hartzeko unea heldu zen».

Biharamunean, goizaldeko ordu bietan hasi ziren eskalatzen. Lehenik eta behin, 500 metroko korridore bat. Lepora iritsi eta ohartu ziren aurrean zituzten sekzioak ez zirela batere samurrak: «Dorrearen bigarren zati horretan granito trinkoa zegoen. Baina kalitate handikoa. Oso ederra iruditu zitzaigun. Ez zen erraza, baina oso emozionatuta geunden. Lehen 130 metroak soka gerrira lotu gabe gainditu genituen. Ondoren, mistoko tarte batzuk igo eta ertza zain genuen. Diedro sistema batean sartu, arazorik gabe igo eta gailurra zapaltzeko gai izan ginen. Igotako bidea rappelatu eta dendara iritsi ginen. Eguraldi ona aprobetxatuta, dendan genituen parapenteak hartu eta arazo batzuek gorabehera aireratzea lortu genuen. Herrixkara onik iritsi ginen. Eskaladari dagokionez, oro har, mistoan hamar luze egin genituen, eta zer edo zer artifizialean. Biok ala biok harrituta gaude igoera horrek duen kalitatearekin»”.

Gulmit Dorrearen lehen igoera sinatu berri dute Simek eta Buhlek, baina benetan harrapatu dituena parapentea eta alpinismo teknikoa lotuz paradigma berri batera salto egitea izan da: «Aterpera iritsi ginenean, biok ala biok ondorioztatu genuen etorkizunean aukera ederrak zabaltzen direla Himalaian eskalada gogorrak egiteko. Bi atal horiek bikain funtzionatu dute, eta, gainera, ohartu gara ez dela oso berezia, baizik eta agerikoa. Gu, bederen, pozarren gaude konbinazio horrek emandako emaitzarekin».