Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Hamahiru eguneko itzuli bikaina Alpeetako Ecrins mendigunean

Ekainaren 30etik uztailaren 12ra bitartean, Charles Dubouloz eskalatzaile frantziarrak Dofinerriko Alpeetako parke nazionaleko gailur ikonikoenak bide historikoetatik igo ditu hamahiru eguneko bidaia zirraragarrian.

Charles Dubouloz ezagun egin zenetik, frantziarraren izena maiz ikusten dugu hedabide espezializatuetako lerroburuetan. Benjamin Vedrinesekin Chamlang mendian (7.319 m, Nepal) lanean ikusi dugu edo Grandes Jorasseseko iparraldeko hormako “Rolling Stones” bakarka eta neguan eskalatzen. Zalantzarik ez dago 33 urteko alpinista honen jarduerek ukitu berezia dutela. Azkenak, bederen, hori adierazi digu beste behin ere: hamahiru eguneko bidaia zirraragarrian, Ecrins mendiguneari itzulia eman dio eskalatzen.

Zirkuitu bitxi hori ekainaren 30ean hasi zuen La Graven. Denera, hamar mendi ziren, eta horiek igotzeko bide historikoak aukeratu zituen. La Meije, (3.983 m), Barre des Ecrins (4.102 m), Olan (3.564 m)… izan dira espedizioaren helburuetako batzuk. Baina harrigarriena da Ecrinseko mendiak ez zituela ia ezagutzen. Hasiberria zen Alpeetako mendigune horretan, eta horregatik bidaia ondo baino hobeto prestatu behar izan zuen: «Onartu behar dut Ecrins gutxi bisitatu dudala. Meijen, adibidez, pare bat aldiz egon naiz, eta beste behin Barre des Ecrins-en. Banekien fisikoki asko eskatuko zidala, eta entrenamendu gogorrak egin nituen. Ondoren, Benjamin Vedrines kidearen zirriborro bat hartu eta itzulia perfekzionatu behar izan nuen. Mapak, bideen krokisak… den-dena zehatz-mehatz aztertu behar izan nuen».

Ekainaren 30ean, La Gravetik irten eta Rateau (3.809 m), La Meije (3.983 m) eta Pave (3.923 m) zain zituen. Mendiok eskalatu ondoren, bere router meteorologikoak aurreratu zion ekaitz arriskuak zeudela. Pic Gaspard-en intermitentea piztu eta Pave izeneko aterpean geratu zen. Oraindik bakarrik, Grande Ruineko (3.765 m) ipar-mendebaldeko ertzean sartu zen. Nahiz eta hamar zentimetroko elurra izan, galtzamotzetan igo zuen. Eguraldi iragarpenek zioten aurretik hamar eguneko leiho on bat zuela zan. Atsedenik hartu gabe, Barre des Ecrins-eko hegoaldeko zutoina (MD, 1.300 m) eskalatu eta hango aterpera jaitsi zen.

Une jakin horretan, Joseph Hallepee kideak bat egin zuen Duboulozekin. Protagonistak berak argitu digu erabaki horren arrazoia: «Bakarkako jarduera hauetan buruhausteak biderkatu egiten dira. Adibidez, eskalada batzuetan sokekin arazoak izan nituen. Horrez gain, glaziarretan bakarrik ibiltzea ez zen batere segurua; makina bat arrakalekin egin nuen topo! Rouies glaziarrean, adibidez, ia amildegi batera erori nintzen. Zorionez, ezusteko horretatik onik ateratzen nintzen».

Ondoren, sokadak Ailefroideko (3.954 m) ipar-mendebaldeko murrua “Gervassutti”-tik (ED-, 1.000 m) eta Les Bans “Giraud”-etik (MD+, 500 m) igo zituen. Eta egun horrekin amaitzeko, alpinistok Les Rouies-eko hegoaldeko isurian dagoen “Mafia” (ED-, 800 m) patrikara eraman zuten.

Font Turbat-eko aterpean atseden hartu eta Olaneko ipar-mendebaldeko “Directe de gauche” bidean (ED, 1.100 m) sartu ziren. Pilatte glaziarretik jaistea oso arriskutsua zenez, sokadak ertza jarraitu eta Conte Faviel-eko lepora heltzea erabaki zuen. Adele Planchard-eko aterpean Bruno Gardente ezagutu zuten; hots, Ecrins mendiguneko “aditu” handia: «Pic de Neige Cordier-eko marra ezezagun bat eskalatzea aholkatu zidan. Une horretan mapekin arazoak nituen, eta Brunok asko lagundu zidan».

Hallepee-k Antoine Bouquereti eman zion lekukoa. Duboulozek sokakide berri horrekin Dibonako Orratzaren “Lady Bona” (7a, gehienez) eskalatu zuen: «Marra horren granitoa ederra da oso. Gainera, oso gustura igo nuen Philippe Mussattok zabaldutako maisulana. Etxeko lan guztiak ia amaituta nituen; soilik, irteera puntura, La Grave-ra, heltzea falta zitzaidan. Belaunak txikituta nituen, eta neure buruari behingoz jarduerari amaiera ematea eskatzen zioten».

«AMETS EGIN DUT»

Arestian aipatu dugu Duboulozek ia ez zuela Ecrins ezagutzen. Eta bitxia bada ere, proiektua kasualitatez sortu zen. Mont Blanc-eko mendigunea ondo baino hobeto ezagutzen du, eta Ecrins-en buru belarri jardutea erakargarria iruditu zitzaion: «Ingurumari horretan bizikletarekin itzuli bat egiten ari nintzela, egin berri dudan zirkuituari forma ematen hasi nintzen. Bide enblematikoenak eskalatuz tokiko mendi esanguratsuenen tontorrak zapaldu nahi nituen. Erronka era egokian aurrera ateratzeko, asko ikertu dut. Dokumentazio lana oso zorrotza izan da; bertako mendizaleekin eta mendi gidariekin maiz elkartu naiz. Igoera ezberdinetan dauden bidegurutzeak zehaztu nahi nituen, toki horietan nahastea ez baita batere ona. Horrez gain, eguraldiak berebiziko garrantzia izan du. ‘B planak’, bide alternatiboak… den-dena kontuan hartu behar nuen. Lehen eguneko ekaitzak izan ziren buruhauste bakarrak».

Alpinista frantziarrak onartu du egindako itzuli bereziak asko eskatu ziola, batez ere egun bakoitza oso luzea izan zelako. 15 eta 17 ordu arteko jardunalditan jardun zuen: «Normalean, aterpeetatik goiz ateratzen nintzen; goizeko hiruretan. Eta hurrengora gaueko bederatzietan heltzen nintzen. Afaldu, arropa lehortu, pilak kargatu… Finean, lo gutxi egiten nuen, baina horrek guztiak espedizioari ukitu berezia ematen zion».

Duboulozek onartu du zaila egiten zaiola eskalatutako mendi edo bide bat aukeratzea. Ziklo osoa biribiltzeak ase du gehien, baina badu txoko txiki bat mendi batentzat: «Olaneko iparraldeko hormatzarrak badu osagai berezi bat. Eskalada ospetsu bat hautatu nuen, eta, modu batera edo bestera, niretzat oso inspiratzaileak izan diren Christophe Moulin eta Lionel Daudet omentzea zen nire asmoa».

Izaera horretako aktibitate bat egin ahal izateko, lehentasunen artean arin joatea dago. Hori edozein alpinistak daki, eta frantziarrak gramo bakoitza neurtu behar izan zuen: «Adibidez, ez nuen irratirik eraman: 243 gramo pisatzen zituen. Mendiko zapatila arinak, katu-oinak, kranpoiak, soka bat, arnesa, aseguratzeko tresneria gutxi… Eta hori guztia hasieran bakarrik garraiatu nuen. Ondoren, Joseph eta Antoinek nirekin bat egin zuten etapa batzuetan. Onartu behar dut glaziarren baldintzak oso kaskarrak zirela; arrakala asko eta handiak zeuden. Eta hobe nuen tarte horiek lagunekin egitea. Nahiz eta bakarka joaten naizenean arreta osoarekin jarduten dudan, lehen hiru igoeretan zorte handia izan nuen. Hots, ez nuen arazorik izan. Inguruan dauden arriskuen jakitun naiz, eta, sokakide batekin eskalatzen dudanean, ardurak partekatu egiten ditugu. Josephek, adibidez, eskarmentu handia du».