GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

«Matrix» eta bizitza errealeko lider

Hondarribiak bi garaipen eskuratu ditu asteburuan, Sestaon eta Santurtzin, eta, gaur Lekeition Euskadiko Txapelketa jokatu aurretik, Eusko Label Ligako lidergoa sendotu du. Aresek ere estropada bikaina egin du, lehenengo txandatik bosgarrena izanda.

Hondarribiko arraunlariak, arraunak goian, Santurtziko banderako garaipena ospatzen, atzean Bizkaiako Zubia dutela. (Oskar MATXIN FOKU)

Zer da “Matrix”? Aurten Hondarribiko traineruaren babesle nagusia izateaz gain, film trilogia ezagun bat ere bada, non Neo izeneko protagonistak (Kanu Reeves aktorea) bi munduren artean jauzi egiten duen: Matrix izenekoa eta guk ezagutzen dugun errealitatea. Bada, asteburu honetan “Ama Guadalupekoa” ontziak ez du zientzia fikziozko saririk lortu, bizitza errealekoa baizik. Garaipen bikoitza lortu du Sestaon eta Santurtzin eta Eusko Label Ligako lider berria da. Orain, gainera, bakarrik, Donostiarra atzean utzi baitu.

Estropadak bi bitxikeria izan zituen. Lehena, larunbateko estropadaren ostean jakin zela epaileek bertan behera utzi dutela Cabok duela astebete Aresekin gertatutako abordatzeagatik jasotako zigorra -beraz, galiziarrek puntuak berreskuratu eta jaitsiera postuetatik urruntzea lortu zuten proba hasi aurretik-. Bigarren nobedadea probaren formatua izan zen: lau luze, baina hasierakoa eta amaierakoa besteak baino motzagoak. Hirugarren eta laugarren kaleak izan ziren onenak atzokoan, eta, bigarrena, zailena.

Hala, atzo bikain baliatu zuen Hondarribiak hirugarren kalea eta, nahiz eta haizea indartu egin zen lehen txanda eta gero, hegan egin zuten berdeek. Ez hori bakarrik, atzo arte hondarribiarrekin berdinduta zegoen Donostiarrak bi puntu galdu zituen hirugarren amaituta.

Bigarren luzean, proba guztian errepikatu zen maniobra bera egin zuten ohorezko txandakoek ere: lehen eta bigarren kalekoak estropada eremuko ertz batera joan ziren bitartean, beste bi traineruak beste ertzera abiatu ziren itsaso aldera bidean. Estrategia hori bikain atera zitzaion Aresi lehen txandan. Amorruz ekin zioten galiziarrek probari, beraiei ez baitiete zigorra kendu. Hainbestekoa zen amorrua, lehen txanda irabazi, ohorezko txanda hasi aurreko marka onena egin eta puntu sorta bikaina lortu zutela sailkapenaren azken postuetan diren galiziarrek. Ondarroari, berriz, oso garrantzitsua izan daitekeen puntuak ihes egin zion azken unean, Santurtzi bere aurretik sailkatu baitzen helmugako argazkiaren beharra izan zuen amaieran. Emaitza horrekin, Ondarroa azken postura jaitsi da, Aresekin berdinduta, eta gogor aritu beharko du jaitsiera postuetatik aldendu nahi baldin badu.

Bigarren txandan, Kaiku oso ondo aritu zen hasieratik bukaera arte, baina haizeak gora egin zuen eta ezin izan zuen Aresen marka hobetu. Cabo, Zierbena eta Getaria helmugaratu ziren atzetik.

Euskadiko Txapelketa, gaur Lekeition

Euskadiko Traineru Txapelketa, udako hitzordu garrantzitsuenetako bat

arraun munduan, gaur eguerdian jokatuko da Lekeitioko uretan (12.00,

ETB1), iaz bezala.

Lekeitioko estropada eremua aski ezaguna da. Iaz bertan Hondarribia gizonetan -zazpigarren txapela lortu zuen- eta Arraun Lagunak emakumeetan nagusitu ziren -donostiarren historiako lehen titulua-.

Iazko sistema berarekin, ekainean Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketetan lehen lau postuetan amaitu zuten ontziak izango dira gaur lehian. I.C.