GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Urdaibai eta Arraun Lagunak, Euskadiko txapeldun Lekeition

Kategoria bakoitzeko zortzi traineruen artean azkarrenak izan dira bermeotarrak eta donostiarrak, eta beste titulu bat eskuratu dute Lekeitioko uretan, Arraun Lagunaken kasuan, gainera, iazkoa errepikatuz. Oriok zilarrezko bi domina eskuratu ditu.

Gorka Aranberri patroia, ikurrina astintzen. (Andoni CANELLADA FOKU)

Gizonezkoen 37. Euskadiko Traineru Txapelketa eta emakumezkoen 14.a jokatu ziren atzo Lekeition, eta, bertan, Eusko Label eta Euskotren ligetan eskaintzen ari diren maila bikainaren beste erakustaldi bat eman zuten Urdaibaik eta Arraun Lagunakek.

Lekeitioko estropada eremua oso ondo ezagutzen dute taldeek. Bada, atzokoan itsasoranzko noranzkoa oso exijentea izan zen, eta guztiek nabaritu zuten. Gizonetan, Oriok lehen txandan egindako marka zuten erreferentziatzat bigarren txandakoek. Urdaibai ziztu bizian atera eta berehala aldendu zen besteengandik.

Aipatzekoa da asteburuan ligan lidergoa eskuratu duen Hondarribiak zazpi gazterekin egin zuela arraun atzo eta asko sufritu zuela laugarren kaletik, eguneko zailena. Gainera, lehen ziabogan olatu kolpe baten ondorioz arraunak ihes egin zion eskuetatik Galder Ezpondari -azkenean ere argi ikusi zen zailtasun handiak izan zituztela-. Urdaibaik, aldiz, Orioren denbora lehen ziaboga horretan hobeto zuen jada, hiru segundogatik (5:27).

Atzetik, Donostiarrak ahal zuen bezala eutsi zion bigarren postuari, baina Urdaibaik ez zuen ikurrina alde egiten utzi nahi eta sekulako erakustaldia eman zuen amaiera arte, denbora guztiak apurtuz.

Oriok inork baino hobeto aprobetxatu zuen asteburuan Kaikuk egindako aparteko esfortzua goikoekin lehian mantentzeko borrokan, eta ez zuen aurkaririk izan bere txandan. Ondarroa eta Getaria izan ziren lehen ziaboga bitarte Oriori nolabait eutsi ziotenak, baina 11 eta 13 segundo galduz hurrenez hurren. Kaiku 18 segundora zegoen dagoeneko.

Aldeak are gehiago handitu zituen Oriok bigarren eta hirugarren ziabogetan: 14 eta 22 segundo Getariari, 27 eta 42 Ondarroari, eta 35 eta 57 Kaikuri. Getariak segundo batzuk kendu zizkion Oriori azken ziabogaren ostean, baina mirotzen azken bi minutuak sekulakoak izan ziren; zenbait olaturen gainean surf egin eta 21:13.39ko denborarekin amaitu zuten estropada zilarrezko domina lortzeko.

ARRAUN LAGUNAK BERRIRO TXAPELDUN.

Donostiako Arraun Lagunak taldeak iazko garaipena errepikatu zuen, lehenengo txandatik egin ere (11:20.88). Euskotren Ligan ematen ari diren maila bikaina -bigarren lekuan dira Orioren atzetik- agerian utzi zuten berriz ere donostiarrek eta hasiera-hasieratik nabarmendu ziren. Atzetik Hondarribia izan zuen Arraun Lagunakek, aurten ETE Ligan ari den trainerua; lehen luzean nolabait eutsi bazion ere (10 segundora egin zuen maniobra), bigarrenean ezin izan zuen erritmoa jarraitu eta Donostiarrarekin lehian aritu zen txandako bigarren postua lortzeko.

Bitartean, Arraun Lagunakeko arraunlari bati arraunak ihes egin zion eskutik, baina dena kontrolpean zuen taldeak eta maila berari eutsi zion helmugara arte. Atzetik, Hondarribia, Donostiarra eta, atzerago, Hibaika, iritsi ziren.

Bigarren txandan Orio oso nagusi izan zen, baina mirotzek ezin izan zuten Arraun Lagunaken marka hobetu. Ziabogan 15 segundo galtzen zituen jada eta bigarren luzean lehian sar zitekeela pentsatzeko modua izan bazuen ere uneren batean -9 segundora ipini zen-, ez zen posible izan. Hala, zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen.

GETXO NAGUSI BETERANOETAN.

Beteranoen estropadan Getxo izan zen Euskadiko txapeldun, 10:58.61eko denbora lortuz. Sekulako nagusitasuna erakutsi zuten bizkaitarrek, bigarren geratu zen Fortunari 23 segundo eta Mundaka hirugarrenari 34 aterata. Jarraian sailkatu ziren Plentzia (+37), Zumaia (+40), Badok 13 (+40), Bilbo (+55) eta Iberia (+1:03).