GARA
PIRAGUISMOA

Exijentzia maila goreneko itzulera izango du Maialen Chourrautek

Lasarte-Oriakoarekin batera, beste bost euskal piraguista arituko dira gaurtik igandera bitartean Alemanian, Ausburgeko ur bizien kanalean, jokatuko den Munduko Txapelketan: Ander Elosegi, Joan Crespo, Klara Olazabal, Miren Lazkano eta Olatz Arregi.

Maialen Chourrautek sasoi egokian dabilen ikusi nahi du Ausburgen.
Maialen Chourrautek sasoi egokian dabilen ikusi nahi du Ausburgen. (Gorka RUBIO FOKU)

Otsailean ezker sorbaldan ebakuntza izan ondoren, Maialen Chourrautek uko egin behar izan zion Munduko Kopako probetan eta maiatzean Eslovakian jokatutako Europako Txapelketan lehiatzeari. Denbora luzez geldirik, Parisen bere laugarren Joko Olinpikoetan parte hartu nahi duen kirolari batentzat -domina bana eskuratu zuen Londresen (brontzea), Rion (urrea) eta Tokion (zilarra); hirurak K1ean-, baina behin osatuta, gaurtik igandera arte Alemaniako Augsburgon jokatuko den piraguismoko Munduko Txapelketan arituko da gipuzkoarra, beste bost euskal kirolarirekin batera: Ander Elosegi, Joan Crespo, Klara Olazabal, Miren Lazkano eta Olatz Arregi.

Beraz, Parisko hitzordurako bi urteren faltan, Augsburgokoa azterketa egokia bezain zaila izango da piraguista gipuzkoarraren sasoia neurtzeko. Lasartearra K1ean, bere gustuko modalitatean, lehiatuko da Alemanian, bakarka zein taldeka, baina baita Parisko Jokoetan lehen aldiz olinpikoa izango den muturreko es-lalomean ere.

39 urterekin, frantziar Estatuko hitzordu nagusian izateko bidean test garrantzitsua izango da Alemaniakoa. Aurretik, Munduko Txapelketan, Seu d’Urgellen 2009an zilarra eta Bratislavan 2011n zilarra kolkoratuak ditu.

CRESPO, ERREPIKATZERA.

Gaur bertan hasiko den lehiaketan ariko diren beste euskal piraguistek ere esperantza handiak jarri dituzte aurtengo Munduko Txapelketa honetan. Esaterako, Ander Elosegik zilarrezko domina lortu zuen udaberrian Liptovsky Mikulasen jokatutako Europako Txapelketan kanoako taldekakoan, eta irundarra C1 proban arituko da, bakarka zein taldeka.

Joan Crespok ere badaki zer den Munduko Txapelketa batean urrezko domina lortzea, 2019an egin baitzuen Seu d’Urgellen taldekako K1ean, eta datozen egunetan ere saiatuko da dominaren bat eskuratzen: K1ean bakarka zein taldeka arituko da, baita Extreme proba berrian ere.

Nesketan, Klara Olazabal eta Miren Lazkano C1 mailan lehiatuko dira, bakarka, eta Ainhoa Lameirorekin taldea osatuz. Parisen olinpikoa izango den Extreme proban ere arituko dira irundarra eta donostiarra. Olatz Arregi donostiarra ere proba berri horretako lehiakideen artean izango da.