A. G.
SASKIBALOIA

Fontecchio NBAn ariko da Baskonia utzi ondoren

Aspalditik gauza jakina zen arren, atzo egin zen ofizial, 2021/22 denboraldian Saski Baskonian aritu ondoren, Simone Fontecchiok NBAra jauzi egingo duela. Utah Jazz taldean jokatuko du aurrerantzean Pescarako hegalekoak.

Baskoniak berak prentsa ohar baten bidez adierazi zuen jokalari italiarrak «etete klausula ordaindu» zuela -NBAk, bere araudia jarraituz, ezin baitu halakorik egin-; hau da, milioi bat euro inguru ordaindu dizkio Fontecchiok Baskoniari falta zitzaizkion bi urteak Gasteizen eman beharrean AEBetara joan ahal izateko.

Berlingo Alba taldetik fitxatu zuen Arabako taldeak Fontecchio eta 2021/22 denboraldiko albisterik onenetakoa izan da hegalekoa Gasteizen. ACB Ligan 12,5 puntu lortu ditu partidako, hirukoetan batez beste %41,8 asmatu eta gero. Euroligan, bestalde, 11 puntu saskiratu ditu partidako eta %40tik gora asmatu du urruneko jaurtiketetan.

«Saskibaloian jokatzen hasten den edozein umek NBAn jokatzeko ametsa dauka, eta amets hori gauzatzea gaur egun errazagoa da duela urte batzuk baino», adierazi zion Fontecchiok Radio Vitoriari. Ametsa egia bihurtuko du Pescarako hegalekoak.