EDITORIALA

Hiesa: pausoa moteltzen eta aurrerabidea galtzen

Erraz idazten da: hiesarekin milioi eta erdi pertsona kutsatu ziren iaz munduan eta 650.000 lagun hil. Egunero 4.000 kutsatu eta 1.800 hildako. Edo, nahi bada, minutuero hildako bat. Egunero-egunero 4.000 pertsona gehiago daude frogak egiteko, bikotekideak kutsatzeko neurriak hartzeko edo bizitza osoko tratamenduak hasteko beharrean. Horiek dira Nazio Batuen Erakundeko Hiesaren kontrako Konferentziak argitaratu berri duen txostenak utzitako datuak. Alarma gorria piztu dute. Kezkagarria, oso kezkagarria baita argazkia: kutsatzeak gorantz doaz lehen beheranzko joera zuten tokietan, bereziki munduko eremu populatuenetan. Eta joera bere horretan mantenduz gero, 2025erako 1,2 milioi kutsatu berri aurreikusten dira, ondo bidean joateko Nazio Batuek jarritako helburua hirukoiztuz.

Herrialdez herrialde begiratuta, badira datu positiboak ere. Baina moteltze orokorra gertatzen ari da, eta horrekin batera ekidin daitezkeen milioika heriotza. Egia da covid-19aren pandemiak arreta eta bitarteko asko eskatu dituela, eta, zurikeria ariketa bat eginez, hor koka daitekeela gertatutakoaren erantzukizuna. Akatsa litzateke, ilargia seinalatzen duen atzamarrari begiratzea. Esan beharra dago, bestalde, hiesarekin amaitzeak hiesarekin jarraitzeak baino gutxiago balio duela. Eta zeregin horretarako prestatzeak, etorkizunean izan daitezkeen pandemietara hobe egokitzen lagunduko lukeela. Baina hor segitzen dute estigmek, hiesa hartu eta hiltzeko arriskua handitzen duten lege zigortzaileek. Afrikako emakume gazte eta nerabeak, azken urteotan bortxaz haurdun geratu direnak, sexu indarkeria jasan dutenak, hiesaren kontrako tratamendua eta prebentzio zerbitzuak ukatzen zaizkienak.

Hiesaren kontrako erantzuna milioika jende ari da bazterrean uzten -LGBTI kolektiboko kideak, sexu langileak, drogen erabiltzaileak, presoak, migranteak, nerabeak, gazteak, emakumeak, haurrak-, bizitza normal bat, guztion eskubide eta duintasun berdinekin, merezi duen jendea. Aurrerapausoak eman dira, baina aurrerabidearen arrastoa galtzen ari da, eta milioika jende ari da prezioa beren biziekin ordaintzen. Eta arrazoia bakarra da: berdintasun eza.