GARA Euskal Herriko egunkaria

Europako nagusitasuna amaitu da: Parisko murrua erori da


Parisko murrua erori da. Frantziak surf eremuan zuen lidergoa bertan behera erori da, eta haren lekua Portugalek hartu du. Oraindik ere gainerako herrialdeak gutxiesten jarraitzen dute, baina denbora kontua izango da, Europaren gainbeherarekin batera, haiek ere maldan behera doazela ohartzea. Artean, surfaren hiriburua Hossegorretik Penichera lekualdatu da.

Duela dozena bat urte hasi ziren Portugalen surfak eskaini zitzakeen aukerak aztertzen eta bertako gobernuak apustu serioa egitea erabaki zuen. Surfa eta turismoa uztartzen dituen plan estrategiko bat ezarri zuten plantan, epe luzera begira, eta fruituak ematen ari da.

Portugalgo gobernuak bazekien egun batetik bestera gauzatzeko egitasmo batek ez zituela bertako herritarren beharrak asetzeko bitartekoak eskainiko eta surfarekin harremana izan zezaketen eremu guztien arteko elkarlana bultzatu zuen. Politikariek, enpresariek, kirolariek eta herritarrek bat egin zuten mendeetan zehar itsasoaz bizi izan den herriak itsasoak eskaintzen dien altxorraz bizitzen jarrai zezan.

Txapelketa garrantzitsuak egitea bitarteko egokia da leku bat ezagutarazteko. Arazoa da munduko txapelketak antolatzen dituen WSL erakundeak interes eta erritmo propioak dituela. Horregatik patxadaz ekin zioten bideari portugaldarrek.

Lehen eta bigarren mailako lehiaketak arrakastaz burutu dira azken urteetan eta WSLko arduradunak pozik dira, txapelketa bat egiteko bitarteko guztiak bermatuak direla jakiteak sekulako lasaitasuna ematen baitie. Horrekin batera, beste zenbait fronte ere ireki ziren, egitasmoa integrala baita, eremu anitz jorratzen duena. Esaterako, Azores eta Madeira uharteetan egiten hasi ziren txapelketak egonkortu egin dira eta turismoak indarra hartu du lehen ezer gutxi zegoen eremuetan.

Portugalgo Errepublikak surfa sustatzeko egin zuen inbertsioetako bat New Yorken egin zuen. Times Squareko eraikin batean Nazareko olatuak tamaina errealean erakusten zituen pantaila bat ezarri zuten. 240.000 euro ordaindu zituzten LED argiekin osatutako 30 metroko pantailan etenik gabe olatu erraldoiak mugiarazteko. Albo batean, olatuak oinetan neurtzen zituen erregela bat agertzen zen, eta gainean, honako goiburu hau: «Hau da Portugalgo olatu baten tamaina».