GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Hondarribiaren eta Orioren mendekua aldeak handitzeko

Hondarribiak eta Urdaibaik lehia polita mantendu dute azkeneraino eta 12 ehunenengatik irabazi du «Ama Guadalupekoa»k. Euskadiko Txapelketan jasotako porrot moraletik altxatu eta medizina berarekin ordaindu diote mirotzek Arraun Lagunaki.

Hondarribiko eta Urdaibaiko traineruak, helmugara oso berdinduta iritsi berritan. (Marisol RAMIREZ FOKU)

Astelehenean Euskadiko Txapelketa jaso zuen Lekeitiok eta atzo Eusko Label eta Euskotren Ligen probak bertan jokatu ziren. Emakumezkoen estropadan, aste hasierako porrot moraletik altxatu eta medizina berarekin ordaindu dio Oriok asteburu osoan Arraun Lagunaki, sailkapen nagusiko aldea orain lau puntura handituta.

Baina benetako emozioa Eusko Label Ligan izan zen. Azken paladan erabaki zen garaipena. Larunbatean, Getxon, bigarren postuarekin sailkapen nagusian Donostiarraren mesederako puntu bat galduta, bueltan ekarri zion atzo Hondarribiak, soilik 12 ehunenengatik Urdaibairi irabazita eta lidergoan hiru puntuko aldea ateraz orain “Torrekua II”ari.

HONDARRIBIA, OLATUAN.

Orio hasieratik atzean geratuta, Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarra denbora bera markatuz etorri ziren. ”Torrekua II”a, zeinek lehen ziaboga besteek baino azkarrago egin zuen, Hondarribiaren kalean sartu zen bigarren luzean. Epailea tartean ipini zen eta bi ontzien arteko gerturatze maniobra hori “Ama Guadalupekoa”ren mesederako izan zen. Berdeek olatu ona hartu eta beste aurkariei distantzia atera zien. Urdaibaik ere gauza bera egin zuen laugarren kaletik, Donostiarrarekiko berdintasuna hautsiz. Hala, bigarren maniobran, Hondarribiak distantzia polita zuen, aurreko txandan Getariak egindako marka ere 16 segundo hobetuta.

Azken ziabogan Hondarribiak 4 segundo atera zizkion Urdaibairi, baina “Bou Bizkaia”k tartea jan zion “Ama Guadalupekoa”ri maniobratik ateratzean eta bi ontziek borroka bizia mantendu zuten. Bermeotarrak, Gorka Aranberriren gidaritzapean, laugarren kaletik lehenengora nabarmen joanda, aurretik ipini ziren.

Epailea ababorrera bidali zuen Urdaibai 300 metroren faltan eta Hondarribia segundo bakarrera gerturatu zen. Azken txanpan erabaki behar zen estropada, eta nola gainera! Parez pare zeudela, “Ama Gudalupekoa”k azken palada sartu eta 12 ehunenengatik bakarrik eraman zuen garaipena.

GETARIA, NAGUSITASUNEZ.

Lehenengo eta bigarren kaleak joaneko luzean zailenak zirela agerian geratu zen, eta egoera hori sufritu zuten Kaikuk eta Cabok. Lehen ziabogan Getariak lehen txandan Lekittarrak egindako denbora bera egin zuen (4:56). Zierbena, hasieran lortutako lidergoa lehen luzean galduta eta hirugarren ziabogan arazo bat izanda, indarra galtzen hasi zen.

Getariarrek nagusitasuna mantendu zuten amaiera arte, baina atzetik, Cabok Zierbena gainditu eta Kaiku laugarren helmugaratu zen, aurreko txandako Santurtzi bakarrik atzean utzi zuela.

LEKITTARRA, BIKAIN; SANTURTZI, BEHERANTZ.

Santurtzik eta Aresek, kale okerrenetatik, segituan galdu zituzten 2-3 segundo. Lekittarrak eta Ondarroak egoera hori aprobetxatu zuten distantziak markatzeko. “Sotera”ren egoera -sailkapen nagusian arazoetan sartzen hasia- ez zen bere mesederako, baina bai Lekittarra eta Ondarroarentzat, jaitsiera postuak ekiditeko helburuan. Ares, sailkapeneko azkena, bien artean zetorren. Hirugarren ziabogan, etxekoek aldeak handitu, 7tik 12ra Ondarroari ateraz, eta puntu bikainak lortu zituzten, aurrean zuten “Sotera” sailkapen nagusian gaindituta.

EUSKOTREN: ORIOREN SEIGARREN GARAIPENA SEGIDAN.

Larunbatean arantza bat kendu zuen Oriok Getxoko uretan, eta atzo mendekua osatu zuten mirotzek Lekeition, astelehenean Arraun Lagunakek Euskadiko Txapelketa irabazi zuen arraun eremu berean, estropada irabazita, asteburua biribilduta eta sailkapen nagusiko lidergoan aldea lau puntura handituz. Eta nolako mendekua gainera! Lehen luzean apurtu zuen estropada. Pentsa: ziabogan hamar segundoko aldea atera zion Arraun Lagunaki, eta 15 Tolosaldea eta Donostiarrari, eta amaieran, 9.48. Baina interesgarriena atzean geratu zen. Larunbatean tolosarrek lortu zuten donostiarren aurretik sartzea, eta atzokoan ere helburu hori bete zuten, bigarren luzean aldeak handituz eta azkenean 11 segundo ateraz. Orain bi puntuko aldea dago bi taldeen artean jaitsiera postua ekiditeko erronka horretan.