GARA
ATHLETIC

Vesga: «Denboraldian zehar erregulartasunari eutsi nahi diot eta hazten jarraitu»

Erdilari gasteiztarra duela asko jokatzen ez zuen pibote tokian bakarka ari da udan. «Gustura» eta «eroso» agertu da postu berri horrekin.

Mikel Vesga, Athleticen denboraldi aurreko lehen entrenamenduan Lezaman.
Mikel Vesga, Athleticen denboraldi aurreko lehen entrenamenduan Lezaman. (Aritz LOIOLA FOKU)

Athleticen denboraldi aurrea aurrera doa. Liga hasiera gero eta gertuago dago eta zuri-gorriak lan-saio gogorrekin ari dira prestaketa aurrera eramaten. Horietako bat Mikel Vesga da. Erdilari gasteiztarra mikrofono aurrean agertu zen atzo, Lezamako saioaren ostean.

Vesga udako protagonistetako bat da, zelai erdian, pibote moduan bakarka, kokatzen ari baita Valverderen eskeman, orain arte jokatu duen postutik “urrun”. «Aspalditik ez nuen postu horretan jokatzen, baina gustura sentitzen ari naiz», onartu zuen jokalariak. «Denok bezala, entrenatzaileak eskatzen dituen gauza berrietara egokitzen ari naiz. Probak egiten ari da. Pibote postu horretan eroso nago, ondo sentitzen ari naiz eta uste dut bertan jokatzeko gai naizela», gaineratu zuen.

Athleticek zenbait lagunarteko jokatu ditu dagoeneko, bai kanpoan -Ingalaterran eta Alemanian-, bai etxetik gertuago -Mirandan-, eta partida hauek gauza berriak -are gehiago entrenatzailea “berria” denean- ikasten edo barneratzen joateko balio behar dute. Denboraldi aurrea «ondo doa», nabarmendu zuen. «Gogoz hasi gara, entrenatzailearen kontzeptuak azkar barneratuz. Sentsazioak, oraingoz, onak dira».

Marcelino eta Valverderen arteko ezberdintasunei buruz ere galdetu zioten Vesgari. «Presioarekin edota jokoko gauzekin aldaketak egiten ari gara. Taldea Ernestok nahi duena azkar barneratzen ari da eta hori San Mamesen nabarituko da», argitu zuen.

Kasualitatez, Vesgak Valverderekin egin zuen debuta, 2016ko abuztuan, Sportingen aurkako neurketa batean. Arlo pertsonalean, «denboraldian zehar erregulartasuna mantendu nahi nuke, hazi, eta hori pixkanaka lortzen ari naiz», aitortu zuen.

IÑIGO MARTINEZ, TALDETIK KANPO LANEAN

Azken asteetan Athleticen inguruan arrazoi ezberdinengatik protagonismoa hartu duen beste jokalari bat Iñigo Martinez da, Bartzelonak jokalaria nahi zuela -aurten edo datorren urtean- iragarri baitzuen. Atzo Ondarroako atzelaria taldetik kanpo aritu zen lanean. Klubak adierazi zuenez, bizkaitarrak «min arina du ezker belauneko errotuluen tendoian, eta bilakaeraren zain dago». Berarekin batera, Mikel Balenziagak «bihurritu arina du eskuin orkatilan, eta erritmo motelagoan entrenatu behar du».