GARA Euskal Herriko egunkaria

Irango akordio nuklearra berpizteko saiakera Vienan

Irango programa nuklearraren inguruan hitz egiteari ekin zioten atzo austriar hiriburuan zenbait hilabetez luzatutako etenaren ostean. Helburua Trumpek aldebakarrez hautsitako akordioa berpiztea da. Mendebaldea Teheranen aurrerapen teknologikoen beldur da.

Ali Bagheri, Irango negoziazio taldearen burua. (Alex HALADA | AFP)

Lehen aldia zen martxotik alde guztiak (Iran bera, Errusia, Txina, Estatu frantsesa, Britainia Handia eta Alemania) biltzen zirela, Ameriketako Estatu Batuen (AEB) zeharkako parte hartzearekin. Atzo gertatu zen Vienan. Helburua, Donald Trump AEBetako presidente ohiak 2018an zapuztutako akordio nuklearra berpiztea. Barack Obamak bere aurrekariak 2015ean bultzatu zuen akordioak Iranek bonba atomikoari uko egitea lortu zuen, zigor ekonomikoak bertan behera uztearen truke.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzian (EANA) Errusiak duen enbaxadorea, Mijail Ulyanov, goiz iritsi zen Austriako hiriburuko Cobourg Palais hotelera, Europar Batasunaren (EB) koordinatzaile Enrique Morak gidatutako elkarrizketetara. Ondoren Wang Qun diplomatiko txinatarra iritsi zen.

Vienara bidean, Ali Bagheri Irango negoziazio taldearen arduradunak dei egin zien asteazkenean AEBei «oraingo aukera baliatzeko eta arduratsuak izateko». AEBen ordezkari Robert Malleyk, aldiz, itxaropen handiegirik ez izateko deia egin zuen. «Gu fede onarekin gatoz akordio bat lortzeko, baina ikusi beharko da Iran horretarako prest ote dagoen», itzuli zion Teherani pilota.

Estatubatuarren eta irandarren arteko zuzeneko elkarrizketek porrot egin zuten ekainean Qatarren, eta EBk bere gain hartu du gutxieneko akordio bat lortzeko konpromisoa, betiere «krisi arriskutsu bat ekiditea» helburu.

Baina oztopoak hor daude, eta lehena Iraultzaren Zaindarien aurkako zigorrak bertan behera uztearena da. John Kirby Auzi Estrategikoetarako Etxe Zuriaren bozeramailea Errepublika Islamikoaren Armada Ideologikoa erakunde «terroristen» zerrendatik ateratzearen aurka azaldu da dagoeneko, «behintzat elkarrizketa hauetan».

EANAk aurrera daraman ikerketa bertan behera uztea ere eskatu du Iranek. EANAk ohartarazi zuenez, Teheranek programa nuklearrari bultzada eman zion aurreko akordioaren hausturari erantzunez, eta bertan agindutako uranio aberastuaren maila (%3,67) erabat gainditu du, 2021. urtearen hasieran %20ra iritsiz. Ordutik %60ra iritsi omen da. Bonba atomiko bat egiteko %90eko maila beharrezkoa da. Lasterketa teknologiko horretan, zentrifugadoreen kopurua ere biderkatu du Iranek. Aste honetan bertan, Natanzeko gunean makina berriak elikatzen hasi da EANAren arabera. «Programa abiada bizian doa», ohartarazi zuen agentziako ordezkari nagusi Rafael Grossik.