Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
ITSASOA

Amaitu dira Challenger Series eta taula luzeko txapelketak Huntingtonen

Abuztuaren 7an amaitu zen ikuskizuna Kaliforniako Huntington hondartzan. Challenger Series itzuliko laugarren txapelketa eta longboard modalitateko lehen mailako bigarren txapelketa egin ziren. Aurtengo denboraldia azken txanpan sartu da.

Ariane Ochoa bilbotarra lehiaketan
Ariane Ochoa bilbotarra lehiaketan (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Atzo arratsaldean amaitu zen Challenger Series itzuliko laugarren txapelketa Kaliforniako Huntington hondartza famatuan. Horrekin batera, longboard kategorian, lehen mailako itzulia osatzen duten hiru txapelketetako bigarrena ere egin zuten. Modalitate batean zein bestean, nesken zein mutilen kategorietan, Hawaiiko lehiakideek lortu zituzten emaitzarik onenak.

Testu hau idazterako orduan -hau da, igandez, 21.00etan-, oraindik ere finalak egiten ari ziren. Beraz, irabazleen izenak oraindik ez ziren finkatu, baina irakurleak artikulu hau esku artean izaterako, irabazleen izenak WSL erakundearen webgunean begiratu ahal izango ditu.

Ohiko moduan, olatu txiki eta narrasekin lehiatu behar izan zuten surflariek Kaliforniako Huntington hondartzan, baina hala eta guztiz ere, ikuskizun ederra eskaini zuten; batik bat, nesken CS mailako kategorian, beste behin ere azken urteetako maila izugarri hobetu dutela erakutsi baitzuten.

Bertan izan ziren Euskal Herriko surflarien artean, Nadia Erostarbe zarauztarrak eskuratu zuen emaitzarik onena, final laurdenetara iristeko zorian izan baitzen.

Challenger Series

Mutilen kategorian parte hartu zuten 96 lehiakideetatik Ezequiel Lau hawaiiarra eta Joao Chianca brasildarra iritsi ziren finalera. Nesken kategorian, bestalde, 64 lehiakideetatik Macy Callaghan australiarra eta Bettylou Sakura Johnson hawaiiarra iritsi ziren finalera. Paradoxikoki, Huntingtonen olatuak txikiak eta narrasak izaten diren arren, olatu handietan surf egiten ohituta dauden Hawaiiko lehiakideek eskuratu zituzten emaitzarik onenak, estatubatuarrekin batera.

AEBen eta Euskal Herriaren artean bederatzi orduko aldea dagoela kontuan hartuta, gurean 21.00ak zirenean hasi ziren finalak egiten. Haize gutxi zen, eta ondorioz, olatuak garbiak ziren, baina ahulak eta txikiak ere bai. Dena dela, lehiakideak bira indartsu bat edo bi egiteko moldatzen ziren eta ez zen ikuskizuna falta izan.

Hossegorreko lehiaketa bertan behera geratu ostean urte amaieran surflari bakoitzak lortu dituen lau emaitza onenak hartuko dira kontuan. Hala ere, Huntingtonen finalera iritsi ziren leihakide gehienek ez zuten orain artean emaitza onik eskuratu eta beraz, aldaketa nabarmenak izan dira CS rankingean.

Ezequiel Lau, adibidez, 27. postuan zen atzora arte CS rankingean eta orain lehen hamar postuetara igo da. Finalean izan zen Joao Chianca brasildarra ez da lehen hamar postuetan sartu, baina kontuan hartu behar da lehenago 62. postuan zela. Nesken kategorian, bestalde, Macy Callaghan bosgarren postuan zen: beraz, lehen bost lehiakide onenen multzoan bere postua egonkortu du. Bettylou Sakura Johnson ez zegoen lehen mailara igotzeko beharrezkoa den bost postuetako batean, baina, Callaghan bezala, Huntingtoneko lehiaketaren ostean rankingeko bost onenen artean da eta datorren urtean lehen mailan ibiltzeko gero eta gertuago dago. Oraindik ere ezezagunak diren izen hauek famatu bilaka litezke laster.

Mutilen kategorian CS mailan lehiatzen ari den euskal ordezkari bakarrak, Adur Amatriain zarauztarrak, joan den urtera arte lehen mailan aritu zen Nat Young estatubatuarra garaitu zuen lehen errondan, baina hala eta guztiz ere, ez zuen bigarren errondarako pasea eskuratu, alde txikiarekin; izan ere, bere aurretik, Eithan Osborne amerikarra eta Mateus Herdy brasildarra geratu baitziren.

Nesken kategorian euskal ordezkaritza zabalagoa da CS mailan. Pauline Ado hendaiarrak eta Leticia Canales bilbotarrak ez zuten lehen erronda gainditzea lortu, baina Nadia Erostarbe zarauztarrak eta Ariane Ochoak bigarren errondara pasatzea lortu zuten. Bigarren errondan elkarren aurka lehiatu behar izan zuten Ochoa eta Erostarbek, eta zarauztarrak egin zuen hirugarren errondarako jauzia.

Gutxitan iristen dira europarrak hirugarren errondara CS mailan. Beraz, txanda garrantzitsua zen Erostarbek Huntingtonen egin behar zuena, pasatzea lortzen bazuen final laurdenetara iritsiko baitzen, baina Caitlin Simmers estatubatuarra etxean ari zen eta ez zion utzi Erostarberi harago joaten.

Huntingtonen egin berri den CS lehiaketaren ostean soilik hiru aukera izango dituzte lehiakideek datorren urtean lehen mailan plaza bat eskuratzeko; izan ere, Hossegorren egitekoa zen txapelketa bertan behera geratu da.

Hortaz, urrian Portugalen izango dira CSko lehiakideak, azaroan Brasilen, eta abenduan, Hawaiin, eta horren ostean hautatuko dira datorren urtean lehen mailan arituko diren mutilen CS rankingeko lehen hamar lehiakideak eta nesken CS rankingeko lehen bost lehiakideak. Horretarako, CS rankingeko lehiakide bakoitzak aurten eskuratu dituen lau emaitza onenak hartuko dira kontuan.

Longboard

Taula luzeko kategoriari dagokionez, munduko hamar txapelketa egingo dira aurten, baina horietatik soilik hiru dira garrantzitsuak, puntu gehiago eskaintzen dituztelako. Lehena, 5.000 puntukoa, denboraldi hasieran egin zen Australiako hiriburuan. Bigarrena atzo amaitu zen Huntingtonen; 5.000 puntukoa hura ere. Eta azkena, nagusia, urrian egingo da Malibun, Kaliforniako eskuin olatu historikoan, eta 10.000 puntukoa izango da. Hortaz, txapelketa nagusi bakarra falta da lehen mailako Longboard itzulia amaitzeko, Malibun egingo dena.

Mutilen finalean Taylor Jensen estatubatuarra eta Kaniela Stewart hawaiiarra aritu ziren buruz buru finalean. Longboard modalitateko nesken finalera iritsi ziren bi lehiakideak, bestalde, hawaiiarrak izan ziren: bata Kelis Kaleopaa izan zen eta bestea, Honolua Blomfield.