Surflari ernegatua

Munduko surf txapelketetako irekiera ofizial patetikoak

Lau emakume indiarrez mozorrotuta, bi gazte ilegorri eta beste bi heldu, apur bat beltzaranagoak, baina indiar jatorriko itxura handirik ez dutenak, Kaliforniako Huntington hondartzan dira. Makilabana dute eskuin eskuan eta ke apur bat zeruratzen duen su txiki bati abesten diote. Munduko surf txapelketaren irekiera ekitaldi ofiziala da. Irudi patetikoa da, baina modan jarri da: Tahitin, Javan, Australian eta munduko txapelketak egiten diren ia leku guztietan errepikatzen ari da irudia. Akabatu zituzten «indiarrek» lekuan lekuko egiten zituzten erritualekin hasi ohi da txapelketa.

Biarritzen 2017ko maiatzean munduko herrialdeen arteko txapelketa egin zenean ere euskaldun gehienek kolonizatzaileentzat dantzatu zuten. Ez naiz selekzio espainiar edo frantsesean lehiatzeko hautua egin zuten surflariez ari, txapelketaren irekiera ekitaldiko txistulari, dantzari eta trikitilariez baizik.

Euskaldunok gure selekzioarekin lehiatzeko eskubidea genuela aldarrikatzeko “Euskaldunak Euskal Herrian noski baietz!” ekimena antolatu genuen. Udalak zerbait folklorikoa antolatzeko esan zigun hasieran eta martxan jarri ginen, gurea hilda zegoen kultura bat baino bizirik ziren ohituren erakustaldi bat izango zela konturatu ziren arte. Orduan debekatu egin zituzten euskal selekzioaren alde egingo zuten aizkolari eta harrijasotzaileen erakustaldiak, eta hondartzara ikurrinarekin jaistea ere debekatu nahi izan zuten, baina Michel Veunac auzapeza ez zegoen ados; izan ere, «ikurrina Biarritz Olympiquen ikurra da».

Artean, gure ekitaldirako dantzari eta trikitilari bila aritu ginen, baina guztiek ezezkoa eman ziguten. Euskal selekzioari parte hartzea debekatu ziotenentzako txorimalo moduan aritzeko konpromisoa hartua zuten. Euro batzuen truke hilda dagoen herri bat irudikatu behar zuten, antzinako ohiturek egunerokotasunik ez dutela erakusteko egin ohi den moduan, folklorikoki.

Hegoafrikako selekzioarekin etorri ziren tribu hiletako dantzari koloretsuekin batera desfilatu zuten; bidean jendeak kakahueteak botatzea falta izan zen, tximinoek tximinokeriak egiten jarrai zezaten. Guk ere dantzatu genuen, noski, poliziaren begiradapean, oraindik ere euskaldun izateko modu bakarra baita, legez kanpo, hilik nahi gaituztenek ezarritako legeetatik at.