GARA
PEKIN

Taiwanen ingurutik Itsas Horira eramango ditu Txinak maniobra militarrak

Txinako gerraontzia, Pingtan uhartetik gertu.
Txinako gerraontzia, Pingtan uhartetik gertu. (Hector RETAMAL AFP)

Txinak amaitutzat jo zituen atzo Taiwan inguruan ostegunean hasitako maniobrak: aro modernoan berak egindako handienak. Izan ere, ehiza-hegazkinak, gerraontziak, misil balistikoak eta droneak erabili zituen lau egunetan, uharte osoa blokeatzeko eta inbaditzeko gai dela erakutsiz.

Taiwaneko Garraio Ministerioak ziurtatu zuenez, eguerdirako maniobren eragina izan duten sei guneetan normaltasuna nagusitzen ari zen, gauerdira arte itxarotea erabaki zuten aire konpainiei lasai aritzeko baimena emateko.

Txinako armadaren erakustaldian harrokeriak ere izan dira. Argazki batean bere ontzi militar bat Taiwaneko marinaren egoitza batetik oso gertu ageri da, ehunka metrora, Taiwaneko itsasertzetik inoiz baino gertuago.

Beste bideo batean pilotu txinatar batek Taiwaneko kostaldearen eta mendikateen irudiak grabatu ditu.

Horrez gainera, Pekinek iragarri duenez, Txinako armadak bere maniobra militarrekin jarraituko du: oraingoan, Itsas Horian, Txinaren eta Koreako penintsularen artean. Txina haserre dago, haserre eta harro.