Dabid LAZKANOITURBURU

Txinaren azenarioa (ekonomia) eta makila (armada) taiwandarrentzat

Txinak Taiwanen «ekimen separatistarik» ez duela inola ere onartuko ohartarazi zuen eta beharrezkoa bada, «uhartea kontrolatzeko» indarra erabiltzeko mehatxua egin zion. Bitartean, hiru eguneko atzerapenarekin, maniobren amaiera iragarri zuen Pekinek.

Taiwango itsasertzaren irudia.
Taiwango itsasertzaren irudia. (SAM YEH AFP)

Taiwanen independentziaren aldekoei ez die inolako marjinarik utziko Txinak eta uhartea bereganatzeko «indarraren erabilera» mahai gainean dagoela ohartarazi zuen.

Txinako Armadak maniobra militarrak egin ditu joan den ostegunetik Taiwango itsasartean, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik uhartea bisitatu ostean.

Washingtonen, politikari boteretsuenen artean, hirugarrena da Pelosi, eta bere bisita probokaziotzat jo zuen Pekinek, AEBek Taiwango Gobernuarekin inolako harreman ofizialik ez izateko konpromisoa dutelako.

Keinu ekonomikoak

. Taiwani buruzko Auzietarako Txinako Bulegoak “liburu zuria” kaleratu zuen atzo, Pekinek uhartea bereganatzeko aholkuekin, eta lehenik eta behin pizgarri ekonomikoak eta lurralderako «segurtasun eta duintasun» handiagoa proposatu ditu, baina presio militarra areagotzearen alde azaldu da, bide batez.

«Bat-egite baketsuaren aldeko eremu handi bat eratzeko prest gaude, baina sasi-independentzia moduko zerbait eratzeko helburua duen inolako ekimen separatistarik ez dugu onartuko», ohartarazi du, eta «indarra erabiltzeari ez diogu uko egingo eta beharrezkoa bada, neurri guztiak hartzeko prest gaude», gaineratu du.

Hori bai, «neurri zorrotz hauek elementu separatisten probokazioei edota lerro gorriak zeharkatzeko prest dauden indar arrotzei erantzuteko baino ez ditugu erabiliko», dio “liburu zuriak”.

Txina eta Taiwanen arteko harremanek okerrera egin dute Tsai Ing Wen PDP Alderdi Demokratiko-Progresista eta subiranistaren buruzagia 2016an lehen ministro bilakatu zenetik. Izan ere, ez dute onartzen Taiwan Txina denik.

Gero eta gazte taiwandar gehiagok bat egiten dute ideia horrekin.

Maniobren amaiera

. Txinako Armadak duela astebete ekin zien eskualde horretan inoiz egin dituen maniobra militar erraldoienei. Uhartearen blokeoa irudikatu dute.

Joan den igandean amaitzekoak ziren, baina jarraitu egin dute astelehenean eta asteartean. Txinak amaiera iragarri zuen azkenean atzo, baina bezperako operazioen bideoak kaleratzen jarraitu du.

«Askapen Nazionalerako Armadak arrakasta lortu du hainbat ekimenetan eta eraginkortasunez erakutsi du tropak elkarlanean aritzeko gai direla», ziurtatu zuen harro Shi Yik, Armadako bozeramaileak. Hori bai, presio militarrarekin jarraituko dutela ohartarazi zuen.

Taiwanek ez zuen Txinaren maniobrak bukatu direla iragarri, eta bere probekin jarraitzen du, inbasio bati nola aurre egin irudikatzeko eta ikasteko.