Ane URKIRI ANSOLA
TENISA

Aro berriko tenislari loriatsuenaren azken-aurreko guda dantza

Serena Williamsek bere kirol ibilbide profesionala bukaerara iristen ari dela aurreratu du. US Open txapelketa handia izan daiteke bere azkenengoa eta, Kanadako Mastersean kanporatua izan ostean, bere azken guda dantza gero eta hurbilago dago.

Serena Williams, negarrari eutsi ezinik zaleei agur esaten Toronton.
Serena Williams, negarrari eutsi ezinik zaleei agur esaten Toronton. (Vaughn RIDLEY AFP PHOTO)

Zuriek goitik behera menderatu duten kirol batean punta-puntara iristea bada nahikoa guda dantza tenislari beltz batentzat. Han eta hemen oztopoak -ezpaten ziztadak- etengabe gainditu behar ondoren pistan erakustaldia emateko. Serena Williamsen azken tenis partida gero eta hurbilago dago, asteon “Vogue” aldizkarian bere erretiroaren berri eman baitu. US Open txapelketa izan daiteke bere azken dantza eta, beraz, Toronton egin du azken-aurrekoa aro berriko tenislari loriatsuenak -galdu egin zuen atzo Belinda Bencicen aurka eta negar malkoei ezin eutsita agurtu zen Torontotik-. 23 Grand Slam irabazi ditu -aro irekia hasi zenetik, errekorra- eta bi Golden Slam erdietsi -urte bakarrean lau handiak irabaztea eta Olinpiar Jokoetan urrea eskuratzea-.

Azken urteetan bere bertsio onenetik urrun egon da (41 urte egingo ditu irailean), baina Serena Williams beti da izango da Serena Williams. «Superheroi izateko modu bat da», adierazi zuen 2018an Roland Garrosen galtza elastikoekin berragertu zenean. Emakume indartsu batek zerbait berritzailea egiten duen aldiro gertatzen den bezala, kritikek ez zuten huts egin tenislari loriatsuenarekin ere. Ama izan osteko lehen txapelketa handia izan zen Williams ahizpa gazteenarentzat eta liraintasun estetikoaren kanonari beste kolpe bat eman zion, emakume askorentzat inspiragarri.

MENDERATZAILEA

1999an irabazi zuen aurreneko Grand Slama, etxean bertan, US Open txapelketan onena izanda. Irabazi zuen azken irekia Australiakoa izan zen, 2017an, nahiz eta jokatu duen azken finala 2019koa izan, hau ere AEBetan.

Aro baten menderatzailea izan da. Aro berriko tenislari onena izan dela zalantzaezina da. Zaila izango da horrelako beste tenislari boteretsu bat agertzea, hainbeste urtez punta-puntan egongo dena. 319 astez mantendu zen munduko rankingeko lehen postuan, ama izan arte hain justu.

Ama izate hutsa aldarrikatzaile bihurtu zen, amatasun bajaren ostean munduko rankingean 453. postuan ikusi baitzuen bere burua, horrek ekartzen duen guztiarekin. Lesio batean, esaterako, min hartu aurreko postua mantentzen da, ez, ordea, amatasun baja bat denean -txapelketaren araberakoa da erabakia-. Hala, Roland Garrosera itzuli zenean, koadro zailenari egin behar izan zion aurre.

BOZGORAILUA

Feminismo eta antirrazismoaren figura ere bilakatu da. Txikitatik bere ametsa «munduko tenislari onena» izatea zen, baina orduan esaten zioten «emakume izateagatik» ezingo zuela lortu, «are gutxiago nire azalaren koloreagatik».

Horrek, apaldu beharrean indartu egin zuen. Ezagunak dira Serena Williamsen kolpe boteretsuak pista barnean, ikuslea hipnotizatzeraino. «Gure lorpenen arabera epaituak izan behar gara, ez generoaren arabera». Horra hor kantxatik kanpoko beste kolpe indartsu bat, 2016koa.

Bere bozgorailua ondo baliatu duen tenislaria izan da Serena Williams. Bera ere elitearen parte izan arren -100 kirolari onenen artean egon den emakume bakarra izan zen; ama izan ostean zerrendatik atera arte-, injustizien aurrean altxatu da beti: «Berdintasunaren alde borroka egiteari uzten diodanean, hilobian nagoelako izango da».

Toronton egin du azken-aurreko guda dantza, hiru aldiz irabazi duen Kanadako Mastersean. Erraketa astintzen duen azken partidan teniseko izarra izandakoa figura historiko bilakatuko da.