GARA
TRIATLOIA

Euskal koloreak janzteko eskubidea

Euskal triatloi talde bat.
Euskal triatloi talde bat. (@GUEREBAI!)

Udazkenean triatloi probak iritsiko dira Euskal Herrira. Irailaren 17tik 24ra bitartean Kirol Anitzeko 2022ko Europako Triatloi Txapelketak egingo dira Bilbon. Hala ere, bertako kirolariak espainiar eta frantziar estatuetako arropa erosi eta janztera behartuak izango dira. Hala salatu dute Gu Ere Bai! kirol ekimenak eta euskal kirolariek.

Azaldu dutenez, programan ageri diren probetan parte hartzeko ezinbestekoa da herrialde bakoitzeko uniforme ofiziala erostea eta erabiltzea. Eta ez selekzioetako edo eliteko kirolariek bakarrik, atleta herrikoiek ere bai, guzti-guztiek (Open proban ezik). Hala, euskal kirolariak uniforme gorri-hori espainiarra edo hiru koloreko frantsesa janztera behartuko dituzte.

Triatloi federazio espainiarrari (FETRI) kontsulta egin diote eta erantzun die uniforme horiek janzteko araua betetzen ez duen kirolaria lehiaketatik kanpo utziko dutela.

«Gutariko askori iraingarria eta umiliagarria iruditzen zaigu Euskal Herrian antolatzen eta ordaintzen den txapelketa batean horrelako baldintza bat ezartzea», nabarmendu dute Gu Ere Bai! ekimenekoek. «Euskal Herriko kirolariok gure selekzioarekin eta janzkerarekin parte hartu beharko genuke. Nolanahi ere, besterik ezean, bakoitzak bere klubeko jantziarekin edo nahi duenarekin parte hartu ahal izatea bermatu beharko litzateke».

Lakuako Gobernuari, Bizkaiko Aldundiari, Bilboko Udalari -lehiaketa hauek sustatu eta lagundu dituztelako, besteak beste-, alderdi politikoei, triatloi federazioei eta kirol taldeei indarra egin dezatela eskatu nahi diete, «bidegabekeria hau gauza ez dadin».

Txapelketetan parte hartzera animatu dituzte euskal atletak eta «zentzuzkoa den eskakizun hau azkeneraino eramatera».