Arnaitz GORRITI
PILOTA

Altunak eta Imazek Masterseko atzeko aldera bidali dituzte Laso eta Martija

Bikote urdinak neurketaren hasieran 0-10eko partziala lortu du eta horri esker amaierara arte une oro aurretik joan ahal izan dira. Azken aldera, ordea, gorriek gorantz egin eta partida berdintzetik oso gertu geratu dira. Azkenean Altunak erabaki du dema.

Altunaren talentuak erabaki zuen azken emaitza.
Altunaren talentuak erabaki zuen azken emaitza. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Ezin izan dugu partida gehiago irabazi. Mastersean maila handia dago eta partida batzuk gainera ez ditugu oso ongi jokatu, baina azken jardunaldira topera joango gara eta ea sentsazioak nolakoak ditugun. Gaur -atzo- sentsazioak oso onak izan dira, baina galtzea tokatu da».

Horra Unai Lasoren iruzkina Azkoitiko Gurea pilotalekuan Caixabank Masterseko ligaxkako azken-aurreko jardunaldiari zegokion neurketa Altuna III.aren eta Imazen aurka galdu eta gero. Hasieran oso hotz eta ezinean, 0-10eko partziala jaso zuten aurreneko tantoetan eta alde horri buelta ematear izan ziren azken aldera, baina Altunak ez zien utzi.

BEHETIK GORANTZ.

Txapelketari baino gehiago Azkoitiko partidari so eginez gero, bikaina izan zela esan behar da; batez ere, Lasok eta Martijak sekula ere ez zutelako etsi. Hala, hasieran oso hotz eta eskas aritu arren, amaiera aldean ia buelta eman zioten markagailuari, Gurea pilotalekuko zaleen gozamenerako.

Aurreneko tanto biak gorriek eginagatik, denbora tarte motzean 0-10eko partziala sartu zieten aurkariei Altuna III.ak eta Imazek. Martija atzean menpean zerabilten urdinek eta aurrean Lasok, egonezin, Altunaren erremateak eramaten nahikoa lan zuen.

Neurketa 7-15era arte bide horretatik joan zen. Alabaina, Imaz giharretako arazoekin hasi zen, Lasok atzean zuloa ireki eta aurrean asmatzen hasi zen gainera, eta Martijak ere asko hobetu zuen.

8-15etik 13-16ra joan zen dema, eta handik 18-20ko tanto bikainera. Lasok 19-20koa eskuan izan zuen, baina ihes egin zion erremateak. Ez, ordea, Altunari, 18-22koa ezartzeko aukera izan zuenean.