GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Eusko Jaurlaritzak zer egin dezake euskararen alde?


Gaur egun egiten ez dituen gauza asko egin ditzake. Nire asmoa ez da zerrenda luze bat idaztea (zerrenda hori betetzeko eta garatzeko orri asko beharko liratekeelako). Hala ere, bi alor aukeratu ditut euskararen erabilera handitzeko, printzipioz, Madrileko politikarien injerentzia jasango ez luketenak. Beraz, nik aipatuko dudana egiteko Eusko Jaurlaritzak ezingo luke aurkitu inongo aitzakiarik.

Aurten Euskal Telebistan askotan ikusi ditugu hainbat iragarki Ertzaintzak 40 urte bete dituela aipatuz. Hasteko aipatu nahi dut ertzainek (beste herritar guztiok bezala), hainbat eskubide eta betebehar dituztela. Ertzaintzak urteotan guztiotan erdipurdiko jokabideak, jokabide onak, jokabide zeharo tamalgarriak zein jokabide deitoragarriak izan ditu, denok dakigun bezala. Ez dut kontu horri buruz idatziko artikulu honetan.

Hala ere, ertzainen euskararen erabilerari dagokionez bai aipatu nahi ditudala hainbat kontu. Azken 40 urteotan ez ditut sekula entzun bi ertzain, hiru ertzain edo lau ertzain haien artean euskaraz hitz egiten. Egiari zor, noizbait egokitu zait trafiko istripu bat tarteko edo alkoholemia kontrol batean ertzain bati euskaraz egitea eta hark euskaraz erantzutea, baina kasu gehienetan gaztelaniaz erantzun didate, nik euskaraz berba egin arren. Nire ustez, lau hamarkadatan bi ertzain elkarren artean euskaraz solastatzen ez ikustea zeharo lotsagarria da. Beste hainbat erakunde publikotan (adibidez, udaletxeetan, foru aldundietan…) bai ikusi ditudala funtzionarioak elkarren artean gutxi asko euskaraz hitz egiten. Kasu horietan, funtzionarioek, euskaraz hitz eginez, beren tamainan, euskara sendotzen laguntzen dute. Horrez gain, funtzionarioak euskaraz hitz egiten entzuteak, erakunde publikoen leihatiletara joaten diren herritarrek euskaraz hitz egitea eragin dezake.

Horrek guztiak pentsatzera narama euskararen gaian Ertzaintzaren barruan orain arte egin diren hainbat kontu gaizki egin dituztela. Nola da posible, adibidez, Donostian bi ertzainek haien artean euskaraz berba ez egitea Donostiako gizarte erabilera %15 ingurukoa denean? Izan ere, Ertzainen arteko euskararen erabilerari buruz dudan pertzepzioa %0koa da azken berrogei urteotan gertatutakoa aztertuta. Hizkuntza aldetik zer irudi ematen ari da Ertzaintza?

Nire egitekoa ez bada ere, eta ikusirik Eusko Jaurlaritzaren eraginkortasun eza ertzainen arteko euskararen erabilera bultzatzeko, proposamen bat helarazi nahi diet Eusko Jaurlaritzako agintariei. Saiatuko naiz nire proposamena azaltzen.

Dirudienez, gaur egun, ertzain bilakatzeko baldintzen artean bat adinarena da. Oker ez banago, 18 urtetik 38 urte bitarteko pertsonak izan daitezke ertzaingai. 2016ko inkesta soziolinguistikoan aipatzen da orduko 16-24 urte bitarteko gazteen %71 euskaldunak zirela EAEn. Inkesta berean aipatzen zen ere 25-34 urte bitarteko gazteen %49 euskaldunak zirela. Orduan, nola da posiblea nik oraindik bi ertzain elkarren artean sekula euskaraz entzun ez izana ez Donostian ez beste hiriren batean? Ausartuko nintzateke esatera ertzaingaiak Arkautira iristen diren unetik beren formazio ia osoa gaztelaniaz dela. Zergatik ez eskaini ertzain izan nahi duenari «D eredu moduko» formazioa baldin eta euskarazko prestakuntza jaso nahi badu? Ez al da egia ertzain izateko Batxilergoa aprobatuta izan behar dutela ertzaingaiek? Ez al da egia ertzain izateko azken deialdian euskarazko B2 maila akreditatu behar(ko) dutela ertzainen %65-70 inguruk? Ez al da egia Batxilergoa D ereduan bukatuta automatikoki ikasleei B2 agiria ematen zaiela? Orduan zergatik ez zaie Arkautin euskaraz osoki formatu nahi duten ertzaingaiei euskarazko formazioa ematen? Ez al da egia EHUn ikasleek euskaraz edo gaztelaniaz ikas ditzaketela gradu gehienak? Orduan, Arkautin zergatik ez?

Esaten da pertsona bat euskaraz ezagutzen baduzu, berari euskaraz hitz egiten jarraituko duzula, edo berarekin euskaraz solastatzeko probabilitatea handia izango dela etorkizunean... Aldiz, gaztelaniaz ezagutzen baduzu, zaila da euskaraz hitz egiten segitzea etorkizunean. Ez nago guztiz ados horrekin, baina onartzen dut gaur egun joera hori gutxi asko badagoela. (Kasu honetan «asko», hori bai, «gutxi»-ri gailendu egiten zaiolakoan nago). Beraz, formazio osoa euskaraz jaso nahi dutenei euskarazko formazioa eskainiko balitzaie Arkautin, aukera handiago egongo litzateke ertzain horien artean euskaraz hitz egiteko.

Azkenik, formazioaren eta hizkuntzaren kontu honekin lotutako nire esperientzia aipatuko dut. Nik irakaskuntzan lan egiten dut, hezkuntza publikoan. Batzuetan egokitu zait Lanbide Heziketako goi mailako hezkuntza zikloko asignaturak irakastea. Hori ez ezik, askotan asignatura bera euskaraz eta gaztelaniaz eman izan dut. Euskarazko taldean, ikasleen artean batzuek hasieratik haien artean beti euskaraz hitz egiten dute. Beste hainbat ikaslek ikaskide batzuekin euskaraz eta beste ikaskideekin gaztelaniaz egiten dute. Badira ikasle batzuk ere euskaraz ia irakasleekin bakarrik berba egiten dutenak. Gaztelaniazko taldeetan, berriz, askotan ikasleen erdiak edo euskaldunak izaten dira. Hala ere, klase denak gaztelaniaz izanik, nekez egiten dute euskaraz elkarrekin ikasle euskaldunek.

Beraz, irakasle askok hezkuntza formalean bi hizkuntzetan irakasten badugu, zergatik ez dute berdin egiten ertzaingaiak prestatzen dituztenek? Eusko Jaurlaritzak, nahiko balu, nik proposatutakoa egin lezakete.

Garbi dago Ertzaintzaren aldeko propagandarekin telebistan, ez dela ertzainen arteko euskararen erabilpen minimoa erdietsi.

Azkenik, eskutitzaren hasieran aipatu dut beste alor bati ere erreparatuko niokeela. Hain zuzen, Lanbide Hezkuntzarena. Nolatan, gaur egun, EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan zein Batxilergoan ikasle gehienak D ereduan eskolaratuta izanik, Lanbide Heziketan ikasle guztien laurdenei soilik eskaintzen zaie D eredua?