Arnaitz GORRITI
PILOTA

Gernikako Grand Slamean eta zesta puntaren jaian Olharan eta Lopez garaile

15-14, 10-15 eta 5-2 garaitu dituzte Goikoetxea eta Basque. Giro bikaina izan da Gernikako Jai Alai pilotalekuan eta zaleek final eder batekin gozatu dute.

Olharan eta Lopez, alaba besoetan, pozarren Gernikako Gran Slama eskuratu eta gero.
Olharan eta Lopez, alaba besoetan, pozarren Gernikako Gran Slama eskuratu eta gero. (Aritz LOIOLA FOKU)

Gernikako Jai Alai frontoia leporaino bete zen atzo eguerdian, San Roke egunean, Gernikako Grand Slameko final nagusia ikusteko. Ikuskizunak nahikoa asebete zituen bertara hurbildu zirenak, joko ona eta emozioa ia azkeneraino izan baitziren. Azkenean, 2017an lortu zuten bezala, Paueko Jean Olharan eta Imanol Lopez zumaiarra nagusitu ziren Iñaki Osa Goikoetxea -Zumaiakoa hau ere- eta Thibault Basqueren -Bidarteko semea- aurrean: 15-14, 10-15 eta 5-2 izan zen azken emaitza. Hala, txapeldunek lehiaketa guztian partida bakar bat galdu gabe irabaztea lortu zuten.

«Partida guztiak irabazteko sufritu egin behar da, baina gaurkoan are eta gehiago», aitortu zuen Imanol Lopezek neurketaren amaieran. «Zesta apurtu zait aurreneko seteko zortzigarren tantoan eta orduz geroztik estrategia aldatu egin behar izan dugu, zestaz beraz gain, eta zaila izan da handik aurrera moldatzea».

Alabaina, Imanol Lopezek zesta aldatu eta gero Goikoetxea jokoan sartzen hasi zen eta aurrean tanto eder askoak pilatzen ere bai. «Aspaldiko partez besoan minik ez dut sentitu eta eskuina sarritan erabili ahal izan dut», aipatu zuen aurrelari zumaiarrak. Hala, atzetik aurrerako lan ederra egin eta gero, 12na berdindu zuten urdinek eta 12-13 aurreratu ziren. Hala ere, gorriek ez zuten etsi eta 14na zihoazela eusten jakin zuten eta Goikoetxeari berari goregi joan zitzaion pilotakada bati esker 15-14 irabazi zuten aurreneko seta.

AUKERAK AZKENERAINO

1.800 sarrerak aspaldi saldu zituen Gernikako Jai Alai frontoiak eta merezi bezala erantzun zuten atzo pilotariek. Bigarren setean urdinak nagusi izan ziren, beronen erdialdean abantaila hartuz geroztik batik bat. Hala, 10-15 gailendu ziren eta Grand Slameko finala kitarakoan erabaki behar izan zen.

Hasteko 2-0 aurreratu ziren Olharan eta Lopez, baina berehala berdindu zuten urdinek. Une horretan inor gutxik usteko zukeen txapeldunordeek ez zutela tanto bakar bat gehiago egingo, baina hala izan zen. Gorriek aurkarien akatsak aurkitzen jakin zuten eta pilota bat airez hartzeko ustean, azken tantoak ihes egin zion Goikoetxeari. Bada, 5-2koa eta Olharan eta Lopezentzat txapela.