Arnaitz GORRITI
ARRAUNA

Zarauzko korapiloa Urdaibairen azken txanpa zoragarriak askatu du

Ohorezko txanda erlojupeko formatuan jokatu behar izan da, bigarren txandan Cabok baliza jo eta hondoratu ostean. Urdaibaik eta Hondarribiak Orioren ustezko garaipena zapuztu dute. Euskotren Ligan Tolosaldea puntu bakarrera jarri zaio Donostiarrari.

Oriok irabaziko zuela zirudien, baina Urdaibaik ustekabea eman zuen azkenean.
Oriok irabaziko zuela zirudien, baina Urdaibaik ustekabea eman zuen azkenean. (Oskar MTXIN EDESA | FOKU)

Arraunean ezustekoek bihotzekoaren efektu bertsua dute. Bizitzaren harmonia goitik behera apurtzen dute eta kluben interesek aurrera jarraitzea nabarmen zailtzen dute. Baina ohorezko txanda erlojupeko formatuan jokatu bazen ere, azkenean ikuskizunak aurrera jarraitu zuen eta azkenean estropada jokatu zen. Baina Zarauzko XLV. Banderaren aurreneko jardunaldiak badu irabazlea, Urdaibai, hiru segundo eskaseko aldeaz Hondarribiarekiko, azken txanpan “Bou Bizkaia”-k eta “Ama Guadalupekoa”-k ia irabazita zuela zirudien Orio gainditu ostean.

Noski, horrek esan nahi du lau puntuko aldea ateratzen diola Bermeoko taldeak Hondarribiari, eta zortzi dagoeneko Donostiarrari. Hori bai, Zarauzko XLV. Ikurrina Urdaibaik, Hondarribiak zein Oriok berdin- berdin irabaz dezakete gaur.

Gaitz erdi, bigarren txandan Cabo da Cruzi gertatu zitzaiona gertatu eta gero. Izan ere, aurreneko kaletik joatea egokitu zitzaion Cabok nahikoa lan izan zuen estatxari eusten hasiera emateko, eta barrualdeko ziabogan balizarekin trabatu eta hori hondoratu zuen. Itsaso oso petrala egokitu zitzaien Eusko Label Ligako arraunlariei, batez ere barruko aldean, zeinean egundoko olatu eta zuloak aurkitu zituzten bidean.

AZKEN TXANPA BIKAINA

Kale ezberdintasunik gabe, denboren erreferentzia baino ez zegoen eta aurreneko ziabogan Donostiarrak egin zuen denborarik onena, nahiz eta lau onenak lau segundo eskasera baino ez geratu.

Popatiko olatuak baliatu behar, kalea defendatzeko beharrik gabe. Alde horretatik, Orioko «mirotzek» erakustaldi eder askoa eman zuten aurreneko poparean, hiru aurkariei bi trainerutik gorako aldea aterata. Esan gabe doa denborarik onena zeukan Zierbena airean pasatu zutela.

Baina azken luzean dena aldatu zen. Urdaibaik asko sakatu zuen azken txanpa horretan, gaurko jardunaldiari begira eta jomuga sailkapen nagusiko erronkan finkatuta. Orioren errenta segituan dezente murriztu zuten Eusko Label Ligako bi oilarrek. Ehuneneko gutxi batzuen aldeagatik bazen ere, Hondarribiak bota zuen oriotarren marka, baina azken txanpa bikaina egin eta gero sartu zen “Bou Bizkaia” Zarauzko korapiloa bere alde nolabait askatuz.

TOLOSALDEA BORROKALARI

Euskotren Liga Oriorentzat erabakita egonagatik, Zarauzko XIV. Banderak erakutsi zuen interesgunerik, Donostiarra eta Tolosaldearen arteko lehiari zegokionez batik bat, azken postuari ihes egiteko. Tolosaldeak izan zuen Donostiarrari bi puntuak kolpetik kentzeko aukera, baina era berean, azken metroetan Donostiarrak ere bertan izan zuen hirugarren postua.

Azkenean, laugarren postu horri hanka egiteko lasterketa ero horretan, Donostiarrak puntu bakarreko aldea ateratzen dio Tolosaldeari. Beraz, gaur eguerdiko bigarren jardunaldian erabakiko da zeinek libratuko duen Euskotren Ligako hirugarren postua eta zein joango den play-offetara ETE Ligako eta Galiziako Ligako hirugarrenarekin. Tolosaldeak Donostiarrarekin berdintzea lortuko balu, hirugarren postu hori kendu egingo lioke “Bantxa”-ri, baina ikusteko dago.

Zarauzko XIV. Ikurrinaren aurreneko jardunaldi honetan Oriok ohiko moduan aurrea hartu zuen, baina interesa atzean finkaturik egonda, bistakoa izan zen Tolosaldea indartsuago abiatu zela, Donostiarra olatuekin eta korronteekin sufritzen aritu zelarik. Akordatzerako, Tolosaldeak ontzi bateko aldea atera zion “Bantxa”-ri. Itsaso mugituan arraunean, postuak aurreneko luzean garbi asko finkatu ziren.

Saiatu zen Tolosaldea bigarren postura hurbiltzen, baina azkenean hirugarrenari eusten nahikoa lan izan zuen.