Ane URKIRI ANSOLA
TXAPELDUNEN LIGA

Spartak Praga, PSG, Arsenal edo Bayern, atariko aurkari posibleak

Txapeldunen Ligako lehendabiziko kanporaketak jokatuta, argitu da Realaren balizko aurkariak zeintzuk izango diren. Denak, maila altukoak.

Bayern-eko Gwinn eta PSGko Katotoren arteko lehia.
Bayern-eko Gwinn eta PSGko Katotoren arteko lehia. (EUROPA PRESS)

PSG, Bayern, Arsenal edo Spartak Praga. Ikaratzeko moduko taldeak dira, denak Txapeldunen Ligan esperientzia handia dutenak. Bada, Realak horietako bati egin beharko dio aurre multzoen fasera sailkatzeko bidean. Txuri-urdinak, ligako txapeldunorde izaki, zuzenean bigarren kanporaketara sailkatuta zeuden, bere aurkariak izan daitezkeenak bezala.

Aipaturiko lau taldeak lehenengo zozketa multzoan egongo zirela aurreikustekoa zen, baina bosgarren taldea nor izango zen jakitea falta zen. Real Madril edo Manchester City. Madrildarrek ingelesei irabazi ostean (1-0), beraiek dira UEFAko koefiziente altuena daukaten bosgarren taldea. Hala, Realaren liga berean jokatzen duenez, ezinezkoa da biak gurutzatzea. Horregatik, hain zuzen, zehaztu dira jada txuri-urdinen aurkariak.

Zortea lagun izan beharko du Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak, guztiak ere aurkari indartsuak izan arren, txapelketan aurrera egiteko aukerak aurkariaren arabera handitu edo txikitu egingo baitira.

Zozketa irailaren 1ean egingo da. Lehen multzoan PSG, Bayern, Arsenal, Spartak Praga eta Real Madril daude, beraz, eta bigarrengoan, Rosengard, Ajax, Hacken, Roma eta Reala. Zozketa horretatik ateratzen diren bost kanporaketetako irabazleak sailkatuko dira multzoen fasera.

EZAUGARRIAK

Aipatu legez, Realak erronka zaila dauka aurretik, multzoen fasean egon nahi badu derrigor aurkari handi bat kanporatu beharko duelako. Agian, Spartak Praga izan daiteke indarrak neurtzeko egokiena, baina ezin daiteke gutxietsi Txekiar Errepublikako ligako txapeldunordea. Zazpi aldiz irabazi du bere herrialdeko txapelketa eta UWCL-n esperientzia handia daukan taldea da txekiarra, inoiz ezer nabarmenik lortu ez duen arren. Indar fisikoak garrantzi handia izan lezake Spartak Praga taldearen aurkako deman.

Gainerako hiru taldeak (PSG, Arsenal eta Bayern), bestalde, gutxienez, Txapeldunen Ligako final-laurdenak jokaturikoak dira. Ingelesak dira garaikurra irabazita duten bakarrak, baina hori 2007. urtean izan zen, duela 15 urte, alegia. Ordutik, ez du lorpen handirik erdietsi; iaz, esaterako, final- laurdenetara iritsi zen. Dena dela, talde oso indartsua da “gunner”-a; zer esanik ez bere erasoko jokalariei buruz: tartean daude Miedema -Herbehereetako aurrelaria- eta Mead -joan den Eurokopan Ingalaterrarekin nabarmendu zen goleatzailea-.

PSG, bestalde, azken zazpi urteetan bi finaletara iritsi da, biak galdu dituen arren -Irene Paredes legazpiarra kapitain zela-. Azken hiru denboraldietan finalerdietaraino iritsi izanagatik txapelketako talde indartsuenetako bat dela esan daiteke. Bartzelonako Lieke Martens hegaleko jokalaria izan da udako fitxaketa izarra.

Municheko Bayern ez da hain beteranoa Txapeldunen Ligan. 2009an egin zuen debuta eta orotara, zazpi aldiz jokatu du, azken seiak segidan. Iaz finalerdietara iritsi zen, 2019-2020an bezala. Azken urteetan, klubak emakumezkoen taldean egin duen apustua dela-eta, Wolfsburg talde indartsuari ligan kontuak gehien zaildu dizkion taldea izan da.