Arnaitz GORRITI
DONOSTIA
SASKIBALOIA

Europan debutatuko duen denboraldia abiatu du IDK Euskotrenek

Emakumeen Eurocup txapelketako Gascako neurketak asteazkenetan 20.00etan izango dira. Abonu kanpaina ere aurkeztu du klub donostiarrak.

IDK Euskotrenen abonu kanpaina.
IDK Euskotrenen abonu kanpaina. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2022-23 denboraldiari begirako entrenamenduak ostegunean hasi ondoren, IDK Euskotrenek abiatu berri duen denboraldia aurkeztu zuen atzo. Sasoi ezberdina izango da, Donostiako klubak Emakumeen Eurocup txapelketan debuta egingo baitu iazko denboraldi bikainaren sari gisa -Liga Erregularrean hamazazpi garaipen lortu zituen, elitera iritsi zirenetik donostiarren errekorra-. Talde gipuzkoarrak iraganean etxeko lehiaketaz haragoko txapelketetan jokatzeko aukera galdu izan badu ere muga ekonomiko eta egiturazkoen ondorioz, denboraldi onetan kantxan irabazitako eskubidea gauzatu eta Europan jokatu ahal izango du klubak historian lehen aldiz.

Nolanahi ere, ez da hori Azu Muguruza IDK Euskotreneko entrenatzailearen kezka nagusia; nahiz eta eskarmentu handia izan donostiarren aulkian, Europan debuta egingo du Muguruzak berak ere. «Bai, guk ere Europan jokatzen dugu, ez bakarrik Realak edo gizonek - Super Amara Bera Bera ahaztu zitzaion -, eta, noski, ilusio handia dugu, bestela ez ginatekeen hemen egongo. Baina orain burua askoz gehiago dugu taldea eraikitzeko lanean, jendeak klubaren izaera eta egiten dugun lana ezagutzeko ahaleginean, zaleek gure jokatzeko moduarekin bat egitean... Hain gaude zentratuta horretan, orain burua ez dugula Europan pentsatzen hasteko, bi hilabete falta dira-eta oraindik», esan zuen.

«Hilabete eta erdi dugu Liga hasieran ahalik eta ondoen izateko eta, hortik aurrera, ea nola iristen garen Eurocupera eta ea nola egokitzen garen lehiaketara», gaineratu zuen entrenatzaileak. Azu Muguruzaren arabera, «lan taktikoa» funtsezkoa izango ei da denboraldiaurrean. Bi lehiaketak hasten direnean, ez da denborarik egongo entrenatzeko eta akatsak zuzentzeko.

«Partiduen artean oso denbora gutxi egongo da gauzak prestatzeko. Lehen, astean partida bat jokatuz, aste osoa izaten genuen aurkariaren jokora egokitzeko. Orain, aldiz, egun bakarrean edo bitan egin beharko dugu lan hori», ohartarazi zuen.

ABONU KANPAINA

Ibaeta Basket klubeko Carmen Muguruza presidenteak, bere aldetik, IDK Euskotrenen abonu kanpaina aurkeztu zuen, taldearen aurkezpen eguna baliatuz. «‘Viaja con nosotras’ lelopean -artean euskarazko baliokiderik gabe-, hamabost partida jasoko ditu abonuak, Emakumeen Endesa Ligakoak eta Emakumeen Eurocup txapelketako lehen txandako ligaxkako hiru partidak, Gascan jokatuko direnak. Tarifak honakoak dira: helduentzako 90 euro, gazteentzako 60 eta haurrentzako 30. Internet bidez erosi ahal izango dira abonuak», argitu zuen klubeko lehendakariak. Bide batez, IDK Euskotrenek etxeko Eurocupeko partidak asteazkenetan 20.00etan jokatuko direla argitu zuen.

«Ez dakit taldeak kirol arloan hazten jarraitzeko tarterik baduen, horretarako ari bagara ere lanean. Baina argi dugu hain maila altuko emakumezkoen saskibaloia ikustera animatzen den jende kopurua areagotzeko tartea izan badugula», gaineratu zuen Carmen Muguruzak.