Red Hot Chili Peppers taldeak disko bikoitza kaleratuko du urrian
Apirilean kaleratutako «Unlimited Love» diskoaren ondoren, urriaren 14an iritsiko da talde estatubatuarraren ibilbide luzeko bigarren lan bikoitza: «Return Of The Dream Canteen».
Red Hot Chili Peppers taldea bira estatubatuar betean dago uneotan, “Unlimited Love” azken lan diskografikoa aurkezten. Baina hainbestekoa izan da John Frusciante gitarra jotzailearen itzulerarekin batera abiatutako etapa berriari taldeak emandako bultzada, urriaren 14an beste disko bat kaleratuko dutela jakinarazi dutela dagoeneko kaliforniarrek.
Sei urtez errepertorioa berritu gabe egon ondoren, sormen ahalegin erraldoia egin dute urtebete eskasean bi proiektu kaleratuz. Anthony Kiedis taldeko abeslariak adierazi duenez, «beti izan garen taldea berreskuratu eta geure buruaren bila abiatu ginen. Dibertsio hutsez egin genituen zenbait jam, eta abesti zahar batzuk berrikasi genituen. Hori kanta berriak sortzeko prozesu misteriotsua abiatu baino lehen izan zen». Udazkenean kaleratuko duten diskoa bikoitza izango da eta argitaratu gabeko hamazazpi abesti izango ditu.
Talde kaliforniarraren itzulerak ekarritako emaitza oparoari buruz emandako azalpenetan Kiedisek nabarmendu duenez, «esan beharreko guztia esan eta egin beharreko guztia egin genuenean, gure arteko eta musikarekiko maitasuna azaleratu zen, eta espero baino abesti gehiago sortu genituen. Azkenean jakin genuen eskuartean bi disko oso genituela, hasieratik bukaerara. Bigarren lana lehenengoa bezain esanguratsua da, edo agian alderantziz esan beharko genuke. Izan ere, ‘The Dream Canteen’ -urrian kaleratuko den lan berria- da garen guztia eta izan nahi izan dugun guztia», adierazi du.
«Gure soinua dauka, baina berrituta»
Kiedisen hitzak berresteko, Red Hot Chili Peppers taldeak “Tippa My Tongue” kanta zabaldu du disko berriaren aurrerapen gisa. Anthony Kiedis, Flea, Chad Smith eta John Frusciante taldekideek beren esentziarik funkyena berreskuratu dute abesti horretan, Rick Rubinen produkziopean. Azken horrek beste disko batzuetan ere lan egin du taldearekin, besteak beste, honako albumetan: “Blood Sugar Sex Magik” eta “Stadium Arcadium”.
Jada entzungai dagoen kanta sortzeko izan dituzten eraginei buruz, honakoa nabarmendu du Chad Smith bateria jotzaileak: «Niretzako abesti honetan gako asko daude, gauza desberdin pila bat. P-funka dauka osagai moduan. George Clinton eta Hendrixen ukitu batzuk entzuten ditut. Nahasketa ona da. Uste dut diskoaren lehen lagin gisa kaleratzeko kanta aproposa dela. Gure soinua dauka, baina berrituta».
Bideoklipa Malia Jamesek zuzendu du eta animazioek, pop art eta psikodelia estiloan eginak, Julien Calemard eta Thami Nabilen sinadura daramate.