GARA
SKATEBOARDA

Urrea eta brontzea euskaldunentzat

Afrika Criado, urrezko domina ospatzen.
Afrika Criado, urrezko domina ospatzen. (EKFB)

Emaitza bikainekin itzuli da skateboardeko euskal selekzioa Basileatik (Suitza). Bertan jokatu da ESC Basel 2022 nazioarteko txapelketa eta, orotara, lau skater aritu dira euskal selekzioarekin Suitzan: Afrika Criado, Sara Larrañaga, Egoitz Bijueska eta Itzel Ortiz.

Bada, oro har guztien parte hartzea izan bada goi mailakoa, Criado eta Larrañaga nabarmendu dira inor baino gehiago. Afrika Criadok txapelketa irabazi du eta, beraz, urrezko domina kolkoratu. Sara Larrañaga ere finalean aritu da eta azkenerako, podiuma osatu du, hirugarren postuan bukatuz eta brontzea erdietsiz.

Euskal selekzioko kirolarientzat estreinako aldia izan da Basilean lehiatu den nazioarteko txapelketa honetan eta guztiak iritsi dira, gutxienez, finalerdietaraino. Egoitz Bijueska eta Itzel Ortizek lortu zituzten lehen txartelak, gizonezkoen mailan. Proba erabakigarrira ere iritsi ziren biak, baina azkenean ezin izan zuten podiumik egin.

Emakumezkoen mailan, Criado eta Larrañaga onenekin aritu ziren lehen eta bigarren finalean. Arabarra izan zen onena, gipuzkoarrak brontzezko domina lortu zuen bitartean. Criadok 60 puntu lortu zituen, bigarren bukatu zuen Austriako Julia Placek baino bost puntu gehiago. Larrañagak, 49,33 punturekin, osatu zuen podiuma.

PARIS 2024

Afrika Criadorentzat nazioarte mailan esperientzia hartzeko txapelketa egokia izan da. Izan ere, arabarra Parisko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko probetan buru-belarri dabil.

Erroman jokatu zen lehendabiziko proba puntuagarria street modalitatean, Koliseoaren itzalpean, eta finalerdietara sailkatzeko zorian geratu zen Criado. Final-laurdenetara ozta-ozta pasatu zen, ukondoa hautsita lehiatu bazuen ere. Entrenamenduetan izandako erorikoaren ondorioz besoan igeltsua jarrita zeukala lehiatu zen arabarra eta 27. postuan bukatu zuen lehen txanda. Finalerdietan, aldiz, 23. izan zen. Bidea hasi besterik ez da egin.