GARA Euskal Herriko egunkaria

Sobietar monumentuak eraistea «onartezina» dela ohartarazi die Moskuk herrialde baltikoei

Sobietarren ohorezko monumentua botatzen, Rigan. (K.K. | AFP)

Bigarren Mundu Gerran naziengandik askatzeko borrokan hil zirenen omenezko monumentu eta estatuak eraistea «onartezina» dela eta ondorioak izango dituela esan die Errusiak Baltikoko herrialdeei. Estonia, Letonia eta Lituania Errusiarekiko herra erakusten ari direla salatu zuen atzo.

Errusiako Kanpo Ministerioak azaldu zuenez, «ezin da onartu» estatu baltikoek monumentu eta estatua sobietarrak eraistea eta Errusiarekiko gorrotozko politika egitea, eta jarrera horrek herrialde horiekin dituzten harremanetan eragingo du, zalantzarik gabe. «Harreman horiek erabat hondatzen ari dira jada. Ezohiko neurriak hartu ditugu eta hartzen jarraituko dugu, nagusiki politika eta ekonomia arloetan», azaldu zuen.

Errusiaren ustez, Letoniak, Lituaniak eta Estoniak bultzatutako «kanpaina basatia, ia faxista, legearen markotik eta herrialde zibilizatuen jokaeren arauetatik askoz harago» doa. Soldadu sobietarrei eskainitako monumentu ugari botatzea eta errusieraz mintzatzen den Baltikoko biztanleria jazartzea eta baztertzea dira ekintza «onartezin» horietako batzuk.

Monumentuen eraistea «Estatu mailako bandalismoa da, eta faxismoa garaitu zuten soldadu sobietarren oroimena zikintzea», esan zuen. Eta Rigak soldadu sobietarren gorpuzkiak desobiratzeko asmoa duela gaineratu zuen.

Leialak ez diren errusiarren deportazioa aipatu zuen Maria Zajarova Kanpo Ministerioko eledunak. Eta errusiarrek Europara egindako bidaiak mugatzeaz mintzatzen ari direla ere ohartarazi zuen.