GARA Euskal Herriko egunkaria
HERRI KIROLAK

Euskal pentatloiko kanporaketa izango da Azpeitiko zezen plazan

Kanporaketan arituko diren kirolariak, Katxina upategian. (GARA)

Larunbat honetan, irailaren 3an, Gizonezkoen V. Pentatloi Sariko bigarren kanporaketa jokatuko da 18.00etan, Azpeitiko zezen plazan. Hamabi parte-hartzaile arituko dira eta horietatik sei denbora onenak lortzen dituztenek egingo dute aurrera eta irailaren 24ko finalean egoteko aukera izango dute; 22.00etatik aurrera gizonezkoen finalak ez ezik, emakumezkoenak ere izango dira.

Horra iristeko, ostera, lehenengo, galbahea pasatu beharko da larunbatean. Hauek dira hamabi parte-hartzaileak: Aitzol Atutxa “Atutxa II.a”, Jokin Urretabizkaia “Basozabal”, Ioritz Gisasola “Zelai IV.a” eta Xabier Zaldua alde batetik -maiatzaren 28an lehen kanporaketa gainditu ostean sailkatu direnak-, eta bestetik, iazko emaitzei esker kanporaketa pasatzea lortu dutenak; alegia, Beñat Amade, Iñaki Errazkin, Jon Gisasola “Zelai V.a”, Julen Gabirondo, Julen Kañamares, Joseba Otaegi, Aritz Irazabal eta Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.a”. Horiek guztiak izan ziren Orioko Katxina upategian eginiko aurkezpenean.

Pentatloiko bost probak, berriz, honakoak izango dira: 100 kiloko harriari zortzi jasoaldi ematea; probalarien indarra egiaztatzeko 400 kiloko harria tatarrez eramatea plaza bat bete arte; aizkoran, kana-erdiko bat eta 45 ontzako beste bat erdibitzea; 50nako txingak hartuta hiru plaza betetzea eta azkenik, kilometro bat korrika egitea.

Bistan da pentatloi sari hau indarra hartzen ari dela; izan ere, 2018an sei parte-hartzailek eman zuten izena -eta Arria V.ak kale egin zuen lesio baten erruz- eta bost urteren buruan 23 izango dira orotara ariko diren parte-hartzaileak. Bien bitartean emakumeek ere aurkitu dute beren txokoa proba konbinatu hauetan eta herrialdeko zein eskualdeko lehiaketak -Bizkaikoa, Gipuzkoakoa eta Bidasokoa- ere ari dira burutzen.

Azpeitiko zezen plazara joan nahi dutenek Tolosako Kantabriko tabernan eta Azpeitiko Mendizabal Erretegian eros dezakete sarrera.

AZKEN TXAPELDUNAK

Aurreko urtean, euskal pentatloiaren aro berriko marka berria ezarrita, Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.” aiarrak jantzi zuen txapela Azpeitiko zezen plazan. 33 minutu eta 29 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko. Emakumezkoetan historiako lehendabiziko finala jokatu zen eta Karmele Gisasola “Zelai III.” izan zen estreinako irabazlea.