SEP. 01 2022 AZKEN PUNTUA Idazteke dagoenaz Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Udan egun libreez gozatu ahal izan dugunok errotuladore kutxa berri baten moduan so egiten diogu ikasturte berriari. Aurten, baina, inoiz ez bezala, estreinatzeko ezer gutxi dugun sentsazioa dut. Boligrafo berriak itxi gabe utzitako gaiei eutsi eta okerrera egin duten istorioen narrazioekin jarraitzeko lumak izanen direla sumatzen dut. Ziurgabetasunean ainguratura gaude, nolabaiteko desesperantza kolektiboan. Udako geldialdia utzitakoaren jarraipen okerragoa baino ez dela izanen gogorarazten digute albisteek. Emakumeok espazio publikoaren konkistagatik jasotako ziztaden etengabeko zerrenda. Prezioen igoera geldiezina sostengatzen duen sistemaren baitan jazotako lan istripuak eta hildako langileak. Kultura propio dena atzean utzita euren istorioa idazteko aukerarik izanen ez duten migratzaileen infernua. Tristeziaz, ezinegonez eta ziurgabetasunez izkiriatzen diren titularrak. Hedabide honetan, baina, misoginia antolatuaren, lan baldintza duinagoak lortzeko etortzear diren mobilizazioen eta Bidasoaren bi aldeetan gertatzen diren elkartasun keinuen berri izan dugu. Frustrazioak komunikatzeko asko dugula gogorarazi behar digu. Eta hori nahikoa ez balitz, soilik arrazoi batek balio beharko luke eta Pablo Gonzalezek preso jarraitu bitartean, ezin diogu idazteari utzi.