GARA
TXAPELDUNEN LIGA

Bayern Munich, Realaren lehen aurkaria: «Ilusioak mugitu behar gaitu»

Lina Magull, Bayern-eko jokalari gakoetako bat.
Lina Magull, Bayern-eko jokalari gakoetako bat. (EUROPA PRESS)

Realak Bayern Munich taldearen aurka jokatuko du Txapeldunen Ligako atarikoa. Joaneko partida irailaren 20an edo 21ean izango da, Donostian, eta itzulerakoa, astebete geroago, hilaren 27 edo 28an, alegia, Bavariako hiriburuan.

Atzo Nyonen (Suitza) egindako zozketan Arsenal eta Paris Saint-Germain moduko talde indartsuak saihestu zituzten arren, txuri-urdinek Bundesliga boteretsuko txapeldunorde Bayern Munich gainditu beharko dute, multzoen fasera igaro eta historia egiten jarraitu nahi badute.

Bavariako taldea iaz Txapeldunen Ligako final-laurdenetara iritsi zen eta duela bi denboraldi, finalerdietaraino.

Maila handiko jokalariak ditu; besteak beste, Alemaniako selekzioarekin jokatzen duten Lina Magull, Lea Schüller, Klara Bühl edo Giulia Gwinn, baita Georgia Stanway futbolari ingelesa ere.

Hain zuzen ere, zozketaren atarikoan, Nerea Eizagirre Realeko kapitainak GARAri onartu zion berarentzat talde indartsuena Bayern Munich dela.

Natalia Arroyo entrenatzaileak, bestalde, klubeko kameren aurrean adierazi zuen «gogoa» dutela. «Txapeldunen Liga jokatzeko ametsa betetzera eraman gaitu eta orain ere eguneroko lana baloratu behar dugu eta ligako partidei ere balioa eman», gehitu du katalanak.

Berarentzat garrantzitsua da jakitea «nola izan gaitezkeen indartsuak». Teknikariaren esanetan, alemanek ere baloiaren jabetza izatea dute gustuko eta, beraz, Realak ezin izango du beti orain arte bezala jokatu; une horietan «taldearen arima indartu beharko dugu eta ilusio eta nahiak mugitu behar gaitu, baita futbolak ere, futbol maila ona daukagula uste baitut».