GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Bi taldek astindu ederra eman diote Jirishanca mendiari

Quentin Roberts-ek eta Alik Berg-ek «Reino hongo» bidea (5.8, 90º, M7, 1.100 m) sortu dute, eta, Vince Anderson-ek eta Josh Wharton-ek, berriz, «Suerte» marra (5.13a, M7, WI6, 1.100 m) era askean igo dute.


Kanadarrak eta estatubatuarrak. Biak ala biak nor baino nor aritu dira sona eta estetika handiko Jirishanca mendian (Huayhuash, Peru). Ez dira lehiatu. Proiektu edo asmo ezberdinak izan dituzte, eta emaitza bikainak lortu dituzte. Bi talde eta laukote handi bat; hots, alpinismoaren munduan lehen lerroan dabiltzanak.

Alde batetik, Quentin Roberts eta Alik Berg kanadarrek hego-ekialdeko horman jardun dute. Eta hormatzar gogor horretan gai izan dira “Reino del hongo” bidea (5.8, 90°, M7, 1.100 m) zabaltzeko. Robertsek esan du zorionekoak izan direla: «Ekialdeko murru horretan dauden bide guztiek bat egiten dute Toni Egger-ek bere garaian eginiko lehen igoeraren marrarekin. Geureak, aldiz, ez du bide historiko hori ukitzen».

Hain zuzen ere, kanadarrok hormatzarraren izkina bati jarraitu diote; ezkerraldean dagoenari. Kilometro luze berri horretan, protagonistok galdera ugari argitu behar izan zituzten; besteak beste, Jirishancako eremu horrek horrela eskatzen zuelako: «Alde guztietatik begiratuta, aitor dezaket horma horrek asko eskatu digula. Ireki dugun marra zaila da oso, eta, aldi berean, oso arriskutsua. Elur tente nahasia, mistoko luze zailak, erlaitz erraldoiak, izotzezko onddo basatiak, 6.000 metroko kotan eroria duen murru bat… Itzela izan da».

Bestetik, ekialdeko zutoinak Vince Anderson eta Josh Wharton estatubatuarrak hartu ditu. Bikote honek 2003. urtean talde italiar batek hasitako lanak bukatu ditu. Beste era batera esanda, “Suerte” marra amaitzea lortu dute. Gainera, eskalatutako 1.100 metroak era askean igo dituzte. Hori aski ez, eta zailtasun tekniko handiei egin diete aurre: 5.13a (7c+, gure eskalan), M7 eta WI6. Eta hori 6.096 metroko garaiera duen Andeetako mendi horretan.

Horregatik guztiagatik jarduera honi buruz luze eta zabal hitz egingo dugu hurrengo lerro eta parrafoetan. Eta horretarako protagonistak orriotara ekarri ditugu. Aipatu dugun talde italiarrak ez zuen zorterik izan “Suerte” erabat biribiltzeko. Ipar-ekialdeko ertzera heldu eta atzera egin zuen. Estatubatuarrok, berriz, marra amaitzea lortu dute hiru eguneko eskalada eginda. Gainera, estilo arinean.

Italiarrek 18 luzeko uzta utzi zuten; paraboltekin ekipatuta, gainera. 5.11+ eta A2 zailtasunak gainditu zituzten. Andersonek eta Whartonek, berriz, beste 21 luze zabaldu dituzte. Eta horietan daude zailtasun handienak. 24.a, adibidez, berezia da oso. Sabai izoztu bat da, M7 R eta WI6 maila duena. Oro har, teknikoki oso-oso zaila da, baita arriskutsua ere: «Onartu behar dugu elurrean eskalada psikodeliko asko egin dugula. Ezaugarri guztietako eskalada zail eta teknikoa du. Zenbaki eta letra horiei erreparatzen badiegu, biok argi daukagu mendi garaietan ez dagoela horrelako proposamen asko. Gaitasun handia izan behar da kilometro hori era askean gainditzeko».

ALDAKETA NABARMENAK.

Whartonen laugarren bidaia zen Jirishancara; bigarrena, Andersonentzat. Duela hiru urte, ekinaldi on bat egin zuten, baina bibaka egiteko tresneriarik eraman ez zutenez, lan horiek bertan behera utzi zituzten. Aurten 39 luze eskalatu dituzte hiru eguneko jardunean; laugarrena jaitsierakoa izan zen.

Lehen egunean kareharrizko sekzio batzuetan sartu ziren. Whartonek esan du ederki pasatu zutela: «Europan dauden hormatzarrak bezalakoa da. Arroka hori garbituko balute, kirol eskaladako murru batean geundeke. Italiarrek paraboltak jarri eta era askean igotzeko aukera paregabea eskaini zuten. Plaka horretako bigarren luzea, giltza dena, 7c+ mailakoa da. Garaiera horretan zailtasun horri ekitea erronka handia da. Vincek erorikoa izan zuen, baina nik librean igotzea erdietsi nuen».

Bigarren eguna askoz ere alpinoagoa izan zen. Izotza eta elurra izan ziren protagonista. Hirugarrenean, berriz, mendiaren goialdean zeuden. Eta estatubatuarrok diotenez, egoera askoz ere interesgarriagoa izan zen: «Oso bitxia zen; beste mendilerroetan ikusi ez dugun eskalada. Hodiak, perretxiko basatiak… Ikusgarria izan zen! Argi dugu ere azken hamarraldiotako beroaldiek Jirishanca aldatu egin dutela. Seimilakoaren bigarren igoera zuzendu zuen Ricardo Cassin italiarrak ‘American Alpine Journal’-en argitaratutako argazkietan triangelu itxura duen mendi horretan elur trinkoa eta erlaitz handiak ikusten ziren. Sei hamarkada igaro dira, eta egoera erabat ezberdina da. Glaziarrak aldatzen eta desagertzen ari dira, eta mendiaren goialdeko izotza eta elurra urtzen ari dira. Hitz batean esanda, mendi horretan harkaitza nagusitzen ari da. Serac-ak eta erlaitzak urtzen ari direnez, tarte batzuetan izotzezko sabai erraldoiak agertzen ari dira. Zalantzarik gabe, eremu horretan batzen dira eskalatu dugun bidearen zailtasun handienak».

Hori guztia aipatu eta gero, Whartonek gehitu du amaitu duten italiarren bideak plus bat duela: «Bitxia da, baina Jirishancak dituen krokis guztiak begiratuz gero, ohartuko gara ia gehienak hego-ekialdeko hormatzarrean daudela. Eta konturatuko gara ere ia marra gehienak Egger-ek eskalatutakoarekin lotzen direla. Alegia, ez dira tontorrean amaitzen. Esango dute azkenengo metro horiek errazak direla. Baina, gaur egun, mendiaren egoera arras aldatu da. Ziur asko, italiarrek 2003. urtean eginiko lanean ipar-ekialdeko ertza izan zuten azken ‘geltoki’. Alpinista horiek tarte hori orain igotzera animatuko nituzke. Bai, egun, ‘Suerte’-ren giltza da”.

Giltza izateaz gain, gailurrera jarraitzeko erabakiak bi alpinista estatubatuarrei historiarekin bat egiteko aukera eman zien. Aipatu dugu aurreneko igoera Egerrek lortu zuela 1957. urtean; bada, Andersonek eta Whartonek garai hartako tresneriarekin topo egin zuten abentura bete-betean zirela: ‘Ertz horretan sartu ginenean gure helburu bakarra handik onik ateratzea zen. Bat-batean Egerrek utzitako mosketoi zahar batzuk aurkitu genituen. Horrez gain, baita garai haietako sokak ere, izotzezko sabaietatik zintzilik zeudenak’».