GARA
ISLAMABAD

Pakistango uholdeek erantzukizun klimatikoaren eztabaida berpiztu dute

Pakistango uholdeek aspaldiko gaia jarri dute mahai gainean: gehien kutsatzen duten herrialde aberatsek klima aldaketaren eraginak larriago pairatzen dituzten herrialde txiroei ematen ez dizkieten laguntzena. Klimari buruzko mundu mailako biltzarraren atarian, hain zuzen.

Errepideak urpetuta Sindh probintzian, uholdeengatik.
Errepideak urpetuta Sindh probintzian, uholdeengatik. (Asif HASSAN | AFP)

«Hegoaldeko Asia klima aldaketaren puntu gorria da munduan. Bertan bizi direnak klimaren eraginagatik hiltzeko 15 aldiz aukera gehiago dute», gogorarazi du NBEko buru Antonio Guterresek. Bide batez, uholdeak pairatu dituzten bost milioi biktimentzako laguntza eskatu du.

Ikerketa batek dioenez, India azpikontinentean montzoi bereziki indartsuak izateko aukera sei bider handiagoa izango da mende honen amaierarako. Aldaketa hori berotegi efektua eragiten duten gas isuriak murrizten badira ere gertatuko da.

«Ez da istripua. Zientziak frogatu duenez, hondamendien maiztasunak eta indarrak gora egingo dute, eta horretarako prest egon behar dugu», nabarmendu du Abel Munirrek, Pakistanek Hego Korean duen enbaxadore eta G77+Txina taldeko jarduneko presidenteak (klima aldaketari buruzko goi-bileretako negoziazioetan herrialde txiroak biltzen dituen taldea).

Herrialde horiek ez dute gas asko isuri, baina klima aldaketak zuzenean eta oso gogor kaltetzen ditu. Horregatik, ondorioei aurre egiteko laguntza finantzario bereizia exijitzen dute. Orain arte ez dute ezer lortu, baina gai hau mahai gainean izango da azaroaren hasieran Egipton egingo den COP27 bilkuran. «Presio morala mantenduko dugu. Baina badirudi presio moral eta politikoa ere egin beharko dela herrialde hauen barnetik», esan du Munirrek.

Pakistanek berotegi efektua eragiten duten gasen %0,5 baino ez du isuri, Union of Concerned Scientists GKEko arduradun Pristina Dahle-k jakitera eman duenez. AEBek, aldiz, isurien %25en ardura historikoa dute. Halere, herrialde txiroei laguntzak ematearen kontra agertu dira.

Pakistan gai horretan aitzindaria da, tamalez. Bere lurraldearen herena urpean geratu da uholdeetan eta milaka izan dira hildakoak, desagertutakoak eta zaurituak. Kalte materialak zenbatezinak dira Asiako herrialde horretan.

Alta, aurretik, sekulako beroaldia jasan zuen Pakistanek aurreko martxoan. Uda min edo kanikula 50 graduraino iritsi zen.

Beroaldiak, gainera, herrialdean zeuden hainbat glaziar urtu zituen eta horrek eragina izan du uholdeetan, batez ere ibaiak urez gainezka jaitsi zirelako. Kanikulatik uholdeetara.