GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Euskaldunak eskolatik kanpo, eta harro gaude


Euskaldun guraso talde bat gara, euskaldun izateaz harro. Eta maite dugun hori zaintzeaz harro: euskara eta seme-alabak. Horiek ere harro euskaraz eskolan, etxean, lagunartean aritzeaz... Baina zer gertatzen da eskolaz kanpoko ekintzekin?

Ikasturte berriari begira jarri gara dagoeneko guraso asko, eta gure haurren eskolaz kanpokoak aukeratzen. Baina urtero bezala, gainditu beharreko paretatzar batekin topo egin dugu. Ikerlari eta miaketa lanak egitea egokitu zaigu gure umeek euskarazko eskaintza izan dezaten.

Batera eta bestera deitu, han eta hemen galdetu eta gure umeek musika, marrazketa, zirkua, karate, eskalada, antzerkia, igeriketa, yoga... euskaraz egiteko oztopoak besterik ez: batzuetan, eskaintzarik ez dagoela; besteetan, irakaslea euskalduna bai baina ezin dela taldea euskalduna izanen den ziurtatu, ume erdaldunek ere izena emateko eskubidea dutela, lehentasuna umeen adin eta jakintza mailari ematen zaiola taldekatzeak egiterakoan etab.

Beraz, bigarren maila batean geratzen da euskara eta ume euskaldunak, Nafarroako hiriburuan eta inguruko auzo zein herri ugaritan.

Horiek guztiak eskaintza pribatuko zein publikoko zentroetan topatu ditugu. Talde euskaldunen falta botatzen dugu kirol federazioetan, administrazioak kudeaturiko musika eskoletan zein kirol instalazioetan, entitate pribatuen eskaintzetan... Zergatia zein ote? Utzikeria, edo adore falta, edo erlaxazioa... Bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzea akaso? Edo euskara sobera gutxi maitatzea eta euskaldun izateaz harro ez egotea?

Euskaldunak gara eta euskaraz bizi nahi dugu etxean, kalean, eskolan baita kirola egiten dugunean ere, musika ikasten dugunean eta igerilekuan plista-plasta gabiltzanean, paretan gora kaskoa jarrita goazenean edo balleta dantzatzen dugunean. Aukeratzen dugun jarduera dena delakoa izanik ere, euskaraz egin nahi dugu: igeriketa estilo guztien izenak euskaraz jakin nahi ditugulako, gure entrenatzaileek euskaraz animatzea nahi dugulako, musika talde euskaldunak nahi ditugulako, euskaraz erlaxatu nahi dugulako... Gu euskaldunak garelako, harro gaudelako eta toki eta jarduera guztietan euskaraz aritzeak egiten gaituelako euskaldun! Euskaraz bizi eta funtzionatu nahi dugulako! Euskara bizigarri delako eta bizimodua euskaraz egitea bermatu beharreko eskubide bat delako... ahaldundu gaitezen euskaratik eta euskaraz, eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzuen horiei guztiei euskaraz eskain ditzazuen eskatzen dizuegu. Gure txikiak euskaldun oso izan daitezen, zuek ere euskaldun izan zaitezten; toki eta jarduera guztietan euskaraz aritzeak egiten gaituelako euskaldun oso!

*Sinatzaileak: Ainara Oiz, Aitor Hernaiz, Aitziber García, Aloña Huerta, Ángela Campo, Bakartxo Blanco, Erkuden Barandiaran, Garikoitz Torregrosa, Goizargi Santxo, Jaione Lamariano, Jaione Urtasun, Jon Subijana, Nestor Esteban, Ventura Ruiz eta Xatur Ezpeleta.