GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

WSL Final Handia: Nortzuk dira Trestleseko hamar lehiakideak?

Aste honetan hasiko da Trestlesen (Kalifornia) 2022ko WSL Final Handia. Aurtengo CT itzulian lehen bost postuetako bat eskuratu duten lehiakideak izango dira munduko titulua eskuratzeko buruz buruko lehian. Zein dira lehiakideen profilak?

Carissa Moore hawaiiarra iazko Final Handian. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Irailaren 8a eta 16a bitartean egingo da Trestlesen (Kalifornia) 2022ko munduko WSL txapelduna izendatzeko Final Handia. Iaz estreinatu zen formatu berriarekin jarraituz, nesken zein mutilen CT rankingeko lehen bost surflariak bakarrik borrokatu ahal izango dira munduko tituluagatik.

Guztira lau txanda baino ez ditu izango kategoria bakoitzeko txapelketak. Olatu hoberenak izango diren egunean egingo dira nesken zein mutilen txanda guztiak; hau da, egun bakar batean. Rankingeko sailkapenaren arabera osatu dira txandak. Adibidez, rankingean buru diren Carissa Moore eta Filipe Toledo jada finalean dira, baina gainontzekoek finalera iristeko elkarren artean lehiatu beharko dute.

Rankingean bosgarren eta laugarren postuan diren lehiakideek osatuko dute lehen txanda. Irabazlea bigarren txandara igaroko da eta rankingean hirugarren postuan den lehiakidearen aurka lehiatu beharko du. Bigarren txandako irabazlea hirugarren txandara pasatuko da eta rankingean bigarren postuan den lehiakidearekin lehiatuko da. Azkenik, hirugarren txandako irabazlea finalera iritsiko da eta rankingeko buruarekin lehiatuko da.

Hortaz, zenbat eta postu hobea izan rankingean, aukera gehiago dituzte lehiakideek munduko titulua irabazteko. Hona aukera gehien dituzten lau lehiakideen inguruko zenbait datu.

MOORE ETA TOLEDO

Aurtengo CT zirkuitua amaitu da, eta hurrengo urtean lehen mailan jarraituko duten lehiakideak ere izendatuak izan dira jada; hau da, rankingeko lehen 24 kideak mutilen kasuan eta lehen 12 lehiakideak nesken kategorian. Ordea, aurtengo txapeldunak izendatzea falta da eta horretarako aukera soilik hamar surflarik izango dute: Carissa Moore, Filipe Toledo, Johane Defay, Jack Robinson, Tatiana Weston-Webb, Ethan Ewing, Brissa Hennessy, Italo Ferreira, Stephanie Gilmore eta Kanoa Igarashi. Carissa Moore da nesken rankingeko burua. Hawaiiko hiriburuan jaio zen 1992ko abuztuaren 27an, eta egun oraindik Honolulun bizi da. Lehen mailan lehiatzen 2010an hasi zen eta 2011n munduko txapelduna izan zen. Gero, beste hiru titulu mundial irabazi zituen: 2013, 2015 eta 2019an. Horrez gain, nesken kategorian urrezko domina olinpikoa lortu zuen lehen emakumea ere bilakatu zen Tokioko Olinpiar Jokoetan.

Ehunka txapel irabazi ditu Carissak bere ibilbide profesionalean, baina badira bi garaipen gazte zela zuen nagusitasuna agerian uzten dutenak. Koroa Hirukoitza inoiz irabazi duen lehiakide gazteena bera izan zen, 2008an, 16 urterekin, eta 2011n munduko WSL titulua irabazi zuenean, titulu mundiala irabazi duen lehiakide gazteena bilakatu zen.

Mutilen rankingean buru den lehiakidea Filipe Toledo da. Brasilgo Ubatuba herrian jaio zen, Sao Paulo estatuan, duela 27 urte. Gaztetatik lehiatzen aritu ostean, lehen mailara igo zen 2014an eta ordutik emaitza oso onak lortu izan ditu CT zirkuituan, baina oraindik ez du WSL munduko titulua irabaztea lortu.

Hirugarren postuan amaitu zuen 2018ko CT zirkuitua, urte bat geroago laugarren postuan amaitu zuen itzulia, eta iaz bigarren geratu zen. Horrez gain, hainbat txapelketa irabazi ditu eta sarritan bigarren postuan geratu izan da; horregatik esan ohi da aurtengoa bere urtea izan daitekeela.

Esan bezala, iaz ere Trestlesen izan zen, formatu berriarekin lehen aldiz egin zen Final Handian, eta irabazteko zorian izan zen. Oso ongi ezagutzen du Trestleseko urautsia, izan ere, 2014an bere familia osoarekin Kaliforniara joan zen bizitzera, hain zuzen ere, Trestleseko urautsitik gertuen dagoen hirira, San Clementera.

Trestleseko olatua egokia da harentzat, indar handirik ez duen olatua baita, eta hori bere aldeko puntu bat da: Toledo txikia (1,75 m) eta argala da (70 kg) eta, gainera, olatu txikietan munduko surflari hoberenetakoa. Horregatik, Final Handia irabazteko aukera gehien dituena izan daiteke.

DEFAY ETA ROBINSON

Azken urteetan arerio gogorra bilakatu da Johane Defay, nesken rankingeko bigarren lehiakidea. Okzitanian jaio zen, Frantziako erdi-hegoaldean, baina Reunion uhartean hasi zen surf egiten 8 urte zituela eta egun han bizi da.

Defay 2014. urtean estreinatu zen lehen mailan eta egun, 28 urterekin, esperientzia gehien duen lehiakideetako bat da. 2016. eta 2017. urteetan hirugarren postuan amaitu zuen zirkuitua eta ordutik puntako postuetan egon izan da. Aurtengo denboraldian txapelketa bakar bat irabazi du, Indonesiako G-Land urautsian egin zena, baina gainontzeko txapelketetan ere emaitza onak eskuratu ditu. Iaz Final Handian izan zen eta laugarren postuan geratu zen.

Mutilen CT rankingean bigarren postuan den lehiakidea Jack Robinson da. Duela gutxi ezezaguna zen australiar honek sekulako ospea hartu du denbora gutxian. Duela 24 urte jaio zen Australia mendebaldean, Perth hirian, baina sei urterekin Margaret Riverrera joan zen bizitzera.

Australian oso maitatua da Robinson. Horren adierazle da 2020an eta 2021ean urteko surflari izendatu zuela “Australian Surfing Awards” erakunde entzutetsuak.

Lehen mailako txapelketa batean 2019an lehiatu zen lehenengoz, etxean, alegia Margaret Riverren. Gonbidapen wildcard bati esker itsasoratu zen CTko lehiakideekin eta txanda gogoangarria egin zuen Filipe Toledoren kontra. Oraindik ezezaguna izan arren, 9’30 eta 9’27 puntuko bi olatu egin zituen norgehiagoka hartan.

Urte bat geroago lehen mailara igo zen, baina ezin izan zuen bere balioa erakutsi covid-19aren pandemiaren ondorioz CT itzulia bertan behera geratu baitzen. Ordea, 2021ean CT itzulian zen eta zirkuituko txapelketa bat irabazi zuen gainera, Mexikoko Barra de la Cruz urautsian egin zena.

Hala ere, aurtengo denboraldian azalarazi du australiar gazteak zenbaterainoko potentziala duen. Bi txapelketa irabazi ditu: lehena etxean, Margaret Riverren, eta bigarrena Indonesian, G-Landen. CT itzulia bigarren postuan amaitu du eta denboraldian zehar Toledori itzal egin dion lehiakide bakarra izan da.

Robinson olatu zail eta indartsuetan gailendu izan da. Pipelinen surf egin zuen lehen aldian 11 urte baino ez zituen eta jada olatu handietan tuboak egiteko teknika ikusgarria zuen. Hala ere, olatu txikietan ere puntuazio altuak lortzeko gai da airekoak eta bira erradikalak maisutasunez burutzen baititu.