GARA Euskal Herriko egunkaria

Altsasu eta Antsoain jaien atarian daude, baita Dulantzi eta Legutio ere

Uda sasoia badoa, baina Nafarroan eta Araban ere geratzen dira oraindik jaiak ospatu ez dituzten herriak. Altsasun eta Antsoainen, alde batetik, datorren astean hasiko dituzte jaiak, eta Dulantzin eta Legution, bestetik, gaur bertan botako dute txupinazoa.

Ezker-eskuin eta goitik behera, Legutio, Altsasu eta Antsoaingo jaien aurreko edizioetako artxiboko irudiak. (Juanan RUIZ - Iñigo URIZ FOKU)

Bi urteko etenaldiaren ondoren, Altsasun datorren asteazkenean hasiko dituzte herriko jaiak, baina asteburu honetan hainbat ekintza izango da motorrak berotzen hasteko. Horrela, gaur bertan Jarabe de Palo taldearen omenezko kontzertua izango da eta larunbatean, aldiz, Sukarrafest musika jaialdiaren bigarren edizioa eta pilota txapelketako finalerdiak.

Igandean, Altsasuko bi erraldoi berriak aurkezteko ekitaldia egingo da. Erraldoiek beste bi emanaldi izango dituzte jaietan, asteazkenean eta hurrengo igandean (hilak 18), hain zuzen ere, Altsasuko eta Etxarri Aranatzeko gaiteroek lagunduta.

Jai egitaraua asteazkenean hasiko da ofizialki

(irailak 14), 2021ean jaiotako haurrei zapia jantziz, eta hurrengo igandera arte luzatuko da. Egunero, goizetan ohiko auzatea eskainiko dute herriko elkarteek, eta arratsaldeetan, buruhandiak, peñen ohiko jaitsiera, Altsasuko zortzikoa, larrain dantza eta zezensuzkoa izango dira, besteak beste.

Musika arloari dagokionez, honako taldeek hartuko dute parte aurtengo jaietan (eguerdiz, arratsaldez eta gauez): Corrientes Navarras eta London Orkestra (asteazkena 14), Iñaki Uranga, Laiotz eta Bon Joviren omenezko taldea (osteguna 15), Goxuan Salsa, Gauargi eta Los del Rayo-Tropa do Carallo (ostirala 16), Haize Berriak banda, Ken Bat eta Zetak (larunbata 17) eta Trasteando eta Puro Relajo (igandea 18).

Altsasuko erakunde eta establezimendu laguntzaileak ondokoak dira: Portuko Okindegia, Peio Fontaneria, Cortinas Izara, Optika Sakana, Txalaparta taberna, Arkangoa taberna, Altsasuko Dendariak, eta Viajes Barcelo.

Antsoaingo jaiak beranduxeago hasiko dira

, datorren ostegunean (irailak 15), eta txupinazoa botako duena Antonio Liberal Irigoyen da, Facebook-eko “Proyecto Ansoain” taldearen sortzaileetako bat den eta Parkisonen gaixotasuna duen 50 urteko herritarra.

Antsoaingo elkarteek bost hautagai aurkeztu zituzten txupinazoa botatzeko eta Antonio Liberalek botoen %44 lortu zituen.

Antsoaingo erakunde eta establezimendu laguntzaileak ondorengoak dira: Antsoaingo Udala eta Zaldiko taberna.

Araba ere jaietan da.

Dulantziko jaiak gaur hasiko dira “Tripafina”-ren jaitsiera eta Dulantzi Ikastetxeak botako duen txupinazoarekin, bere 50. urteurrenaren omenez.

Ordu erdi geroago txosnak irekiko dira. Festetako egitaraua irailaren 18ra artekoa izango da eta bertan ez dira faltako kuadrillen kalejirak, umeentzako jolasak, zirkua, herri kirolak eta errekortadoreak, besteak beste.

Musika arloari dagokionez, egitarau ofizialean honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Tremenda Jauria, Akerbeltz, Imperial Elegancia Mexicana, Enziska2, Lisker eta Joselu Anaiak.

Sutan txarangak ere egunero alaituko ditu Dulantziko kaleak. Eta txosnen egitarauan honako talde eta DJak izango dira: Arosound DJ eta DJ Kakalimon, Mikel Santos eta DJ Reibax, X Telefono, DJ Loro, Letagin eta Amooma.

Dulantziko erakunde laguntzailea bertako Udala da.

Legutioko jaiak ere gaur hasiko dira

eta astelehenera arte izango dira festetan (irailak 12), nahiz eta hurrengo larunbaterako (irailak 17) ere hainbat ekitaldi antolatu diren.

Egitarauan ez dira faltako ohiko danborrada, txarangak, umeentzako jolasak, herri bazkaria, pilota, bolo, mus eta briska txapelketak, mozorro dantzaldia, tortilla txapelketa eta bertso bazkaria.

Ospakizun hauetako musika eskaintza ere aberatsa izango da. Honako talde hauek hartuko dute parte: Muxutruk (gaur bertan), Igitaia, Eterns, Roots Boys eta Bidean erromeria (larunbat honetan), eta Rebel Noise, Añube, Herdoil eta DJ Xarma (datorren larunbatean, 17).

Legutioko erakunde laguntzailea bertako Udala da.