GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Berdintasunaren garaipen saihetsezina


Azken urteetan Hondarribian erasoen zalaparta desatsegina nagusitu izan da irailaren 8an. Atzo, berriz, txilibituen eta danborren doinuarekin batera, alarde parekidearen aldeko oihuak izan ziren nagusi. Gehiago ziren Jaizkibel konpainia txalotu eta babestera agertu zirenak purrustaka ari zirenak baino. Inoiz baino lagun gehiago izan ziren Jaizkibel konpainiaren desfilean, Oihana Etxebarrieta kapitainak esan zuenez, gero eta gehiago baitira. Espaloietan bizkarra ematen, berriz, gero eta gutxiago, eta Kale Nagusian plastiko beltzik ez.

Herriko jaietan nahierara parte hartzeko eskubidetik harago, sinbolo bat da alarde parekidea, berdintasunaren sinboloa. 25 urte ditu Jaizkibel konpainiak, urte batzuk lehenago askok erotzat jotzen zituzten zenbait emakumek hasitako borroka garaipenera eraman duenak. Sentsazio hori izan zuten atzo, nonbait, emakume eta gizon askok, eta besarkada artean gogoan izango zuten bide luze hori, esfortzu eta nahigabe ikaragarriekin, negar asko isurita jarritako haziak fruitua eman duela ikusita. Ez da esaera hutsa, atzoko argazkia baizik. Hala ere, oraindik inguru zakarrari aurre egin behar dion fruitua da, arazoaren muinak bere horretan dirau eta; Jaizkibel konpainia betopean dago oraindik. Aurrean ditu emakumeak eskubide guztien jabe direla zalantzan jarri ez, baizik eta, areago, eskubide guztien jabe ez direla erakusteko teman segitzen dutenak. Etorkizunaren aurka, arrazoiaren aurka.

Esan liteke erakunde publikoek, egitez nahiz ez-egitez, ez dutela lagundu, salbuespenak salbuespen. Atzo, aurreko urteetan bezala, Emakunde eta hainbat ordezkari politiko izan ziren alarde parekideari babesa eskaintzen, egun horretan beren presentzia beharrezkoa den lekuan. Beste batzuen falta, berriz, horiek kontrako aldean dauden adierazle da. Herritar guztien eskubide eta libertateak bermatu eta aldarrikatzen lehenak izan behar dutenak, egitez nahiz ez-egitez, oztopatu egiten dituzte. Hondarribiko Udalak lan handia du aurretik, oso atzean geratu delako “betiko” alardea babesten dutenekin. Etorkizunaren aurka ari dira eta, gehienez ere, berdintasunaren garaipen saihetsezina atzeratu baino ez dute egingo.