GARA Euskal Herriko egunkaria

Saferri eskatu diote Arbonan salgai diren lurrak lehentasunez erosteko

Arbonako Berroetan hiru milioi euroan salgai diren lurrak salbatzeko eskaera egin diote ELBk eta Lurzaindiak Safer egiturari. Hori dela eta, negoziaziorako deia egin zuten atzo, lurrak laborantzarako salduak izan daitezen. «Borroka fase berri bat» ireki dela iragarri zuten, hainbat herritarrek eta hautetsik babesturik.

Dominique Amesoy, Tote Elizondo eta Isabelle Capdeville Arbonan izan ziren atzo. (Patxi BELTZAIZ)

ELBk, Lurzaindia elkartearen eskutik, Arbonan salgai diren lau hektareako lurrak lehentasunez erosteko galdegin dio laborantza lurrak kudeatzen dituen Safer egiturari, «pentze hori salbatzeko». Desmartxa atzo bertan iragarri zuten Arbonako Berroetako bidean, hainbat herritar eta hautetsiren sostenguarekin. Dominique Amestoy Lurzaindiko presidenteak jakinarazi zuenez, Saferreko batzorde teknikoak bi aste barru aztertuko du eskaera hori.

Hain zuzen, hamasei hektareen eta bertan den etxearen jabe Yves Borotrak hiru milioi euroan salgai ezarri ditu lur horien lau hektareako zati bat eta etxea. Michel eta Marie-Jose Carite Lemesre paristarrak lirateke erosleak, 73 eta 68 urtekoak, hurrenez hurren eta permakulturarako nahi lukete erosi ondasuna.

«Arbonako okupaziotik urtebetera, hemen gaude berriz salmenta espekulatibo bat dagoelako. Borroka eta negoziazio fase berri bat da», esan zuen Dominique Amestoyk. Izan ere, negoziazioen ikuspegitik, iazko okupazioa bukatu zenetik urte osoan zehar jabearekin harremanetan jartzen saiatu dira ELB eta Lurzaindia, jabetzaren inguruko eskaintza bat egin ziezaien.

Ekintza eta negoziazioa

«Ez dugu inoiz erantzunik jaso. Egun dugun erantzun bakarra da Borotra familiak ondasun hau prezio espekulatiboan saltzen duela berriz», deitoratu zuen. Saferri egindako eskaera salgai diren lau hektarea lurrei begirakoa bada ere, gainerako hamabi hektareak ez dituzte bazterrean utziko laborantzaren aldeko eragileek, horiek erosi ahal izateko borrokan jarraituko dutela oroitaraziz. «Ez gaude negoziazioari hetsirik. Urte osoan egin dugun lana beti zentzu horretan egin dugu. Baina afera hau ez da konponduko ELB eta Lurzaindiaren inplikaziorik gabe», aldarrikatu zuen Amestoyk.

Arbonako laborantza lurrak defendatzeko eta espekulazioa saihesteko erabili beharreko estrategia ez dute oraino zehaztu eragileek. «Baina segur da ez gaudela prest egiten uzteko», ohartarazi zuen Lurzaindiko presidenteak, «ekintza eta negoziazioa» beren lan lerroak izanen direla aitzinatuz.

Isabelle Capdevillek saltzaile eta erosleei «erantzukizunerako» eta gizarte zibilaren eskaerari entzuteko deia egin zien. Gisa berean, Euskal Herriak laborantza lurrak eta populazioa babestu beharra duela azpimarratu zuen eta horregatik Arbonako jabetza laborantza munduari saldu behar zaiola berretsi zuen.