Arnaitz GORRITI
ARRAUNA

Asterik luzeena igarota, Kontxako Banderak garaileak ezagutuko ditu

Historian sei aldiz baino ez zaio buelta eman 7,64 segundo edo gehiagoko aldeari, baina horretan ahaleginduko dira Hondarribia eta Donostiarra. Emakumeetan, Oriok bere erreinaldia berreskuratzeko 2,16 segundoko tarte estua du Arraun Lagunakekiko.

Kontxako badiak irudi ikusgarria eskainiko du gaur berriro ere.
Kontxako badiak irudi ikusgarria eskainiko du gaur berriro ere. (Jon URBE FOKU)

Kontxako Bandera iritsi da azkenean bere bigarren igandera (11.00etatik aurrera, ETB1en). Sarritan esan izan da tartean dauden zazpi egunak urteko luzeenak direla, bai sailkapenean lehenengo postuan dagoen traineruarentzat, bai atzetik aurrerako bidea egin behar dutenentzat. Hargatik, ahal dela talde guztiak saiatzen dira astea modurik «ohikoenean» burutzen.

«Ezin gara erotu. Entrenamenduei dagokienez astea normala izan behar da eta abantaila handiagoa edo txikiagoa den bueltarik ezin diogu eman. Era berean, nolako itsasoa izango den eta zein kale egokituko ote zaigun pentsatzen ere ezin dugu bururik galdu. Badakigu Hondarribia eta Donostiarra aurkari oso arriskutsuak direla, eta zazpi segundoko aldea ondo badago ere, hutsetik hasi beharko bagenu bezala ekin behar diogu. Eta itsasoa izan dadila izan behar duen modukoa; haizea ere bai; baita zozketan dagokigun kalea ere». Iker Zabala Urdaibaiko entrenatzailearen hitzak dira honakoak.

Poparean emandako erakustaldia lekuko, “Bou Bizkaiak” 7,64 segundoko aldea dauka Hondarribiarekiko, eta 7,70 Donostiarrarekiko. Ekuaziotik nahitaez atera behar dira laugarren postutik atzera sailkaturiko Getaria, Orio, Zierbena, Kaiku eta Ondarroa. Eusko Label Ligan erakutsitako nagusitasuna berretsi baino ez dute egingo Bermeo, Hondarribia eta Donostiako traineruek, bi estropada izan ezik, gainontzeko guztiak hiru ontzi hauek eraman baitituzte.

Ez da kontu txikia Urdaibairentzat bere palmareseko Kontxako seigarren trapua eramatea, azken baten 2016tik hona ezin izan baitu lortu.

Hego haizea, marea beherantz dela, Euskalmeten arabera, «itsaso kizkurrarekin hondoko itsasoa eta metro erdiko olatuak» espero dira.

Hondarribiak azken hamar urteetan Kontxako Bandera lau bider irabazi du eta horietatik hainbat aldiz bigarren igandean atzetik aurrera eginez. Taldeak aurreratu duenez, «ikusteko txanda oso polita izango da, eta batez ere, espekulatu gabe estropada haustera aterako gara denak».

Donostiarra, bistan denez, isilago ageri da, baina zeresan handia izan lezake. Urdaibairengandik 7,70 segundora dago. «Hondarribiak eta Urdaibaik baino eskarmentu gutxiago dugu lehia hauetan, baina etxean garaile suertatzeko egiazko aukera bat dugu eta horrek motibazio berezia sortzen du gugan», dio Igor Makazaga entrenatzaileak.

EMAKUMEAK, ARNASALDI BATEAN.

Euskotren Ligako azken estropadetan Orio nagusi izan baldin bazen, Kontxako Banderaren aurreneko estropadan Arraun Lagunak kapaz izan zen mirotzei beldurra sartzeko. Azkenean Nadeth Agirrek gidatzen duen “San Nikolas” ontzia gailendu zen, baina 2,16 segundo gutxiegi dira Orioko arraunlariek lo hartzeko. «Aldea handiagoa izango balitz ere, Kontxan zernahi gertatu liteke. Beraz, igandean hutsetik hasita ekingo genioke estropadari; zeresanik ez kasu honetan», dio Itsaso Azkonobieta Orioko arraunlariak.