Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Stephanie Gilmore eta Philipe Toledo, 2022ko munduko txapeldunak

WSL zirkuituari amaiera eman dion Final Handia Trestlesen egin zen eta irabazleek 2022ko munduko titulu eskuratu zuten. Filipe Toledo brasildarrak lehen WSL titulua irabazi du eta Stephanie Gilmore australiarrak zortzigarren aldiz lortu du titulu hau.

Carissa Moorek ezin izan zuen bigarren aldiz Final Handia irabazi Trestlesen.
Carissa Moorek ezin izan zuen bigarren aldiz Final Handia irabazi Trestlesen. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Irailaren 8an egin zen aurtengo CT denboraldiari amaiera eman zion Final Handia. Nesken zein mutilen rankingeko lehen bost sailkatuak bakarrik lehiatu ziren Trestleseko (Kalifornia) urautsian. Metro bateko olatu politak izan ziren eta lehia bortitza izan zen. Azkenean, Stephanie Gilmore australiarra eta Filipe Toledo brasildarra nagusitu ziren.

Kategoria bakoitzean bost txanda egin zituzten. CT rankingean laugarren eta bosgarren postuan ziren surflariek osatu zuten lehen txanda, eta pasatzen zena rankingean hirugarren postuan zenaren aurka lehiatu behar zen. Bigarren txanda pasatzen zuenak, ostera, CT rankingeko bigarren lehiakidea izango zuen arerio hirugarren txandan, eta finalera iristen zenak CT rankingean lehen postuan zegon lehiakidearen kontra egin behar zuen.

Printzipioz Final Handia hiru txandak osatzen zuten, hau da, hiru finalek, baldin eta lehiakideetako batek bi txanda (bi final) jarraian irabazten ez bazituen. Alegia, final bat lehiakide batek irabaziko balu eta bigarrena bere arerioak irabaziko balu, orduan hirugarren final bat egin beharko litzateke; baina ez zen horrela izan, nesken zein mutilen kategorian lehen bi finalak lehiakide berak irabazi baitzituen.

Stephanie Gilmore eta Carissa Moore izan ziren buruz buru nesken finalean. Mutilen kategorian, berriz, Italo Ferreira eta Filipe Toledo brasildarrak izan ziren. Gilmorek eta Ferreirak jada hiru txanda eginak zituzten finalera iritsi zirenerako, beraz haien arerioek abantaila zuten. Hala ere, Ferreirak eta Gilmorek sekulako sasoia dutela erakutsi zuten eta horren adierazle garbia da Gilmorek lortutako txapela.

GILMORE VS MOORE

Nesken kategorian Brissa Jennessy Costa Ricako surflaria izan zen lehen kaleratua. Bigarren txandara igaro ostean, Stephanie Gilmorek Tatiana Weston-Webb brasildarra kaleratu zuen, eta hirugarren txandan Johane Defay frantsesa garaitu zuen, azkenik finalera iristeko. Bi final jarraian irabazi zituen Gilmorek Carissa Moore hawaiiarraren kontra.

Carissa Moore, 30 urteko hawaiiarra, lau bider izan da munduko WSL txapelduna; beraz, bosgarren titulua eskuratzeko irrikatzen zegoen, baina Stephanie Gilmorek ez zion utzi. Australiarra bikain aritu zen txanda guztietan, eta lehen mailako nesken artean beteranoena izan arren (34 urte) txanda guztiak gainditu eta rankingeko buru zen Carissa Moore bi bider irabaztea lortu zuen.

Iaz Carissa Moore izan zen Trestlesen garaile. Gilmore ere izan zen Final Handian 2021ean, laugarren postuan amaitu baitzuen WCT zirkuitua, baina aurtengoan ez bezala, ez zuen lehen txanda gainditzea lortu.

Kontuan hartu behar da Gilmore garaia dela ( 1,78 metro), hortaz, olatu handietan ongi moldatzen da, baina olatu txikiak menderatzeko zailtasun bat gehiago du, horregatik inork gutxik espero ez zuen maila erakutsi zuen australiarrak.

Trestleseko garaipenarekin zortzigarren titulu mundiala irabazi du Gilmorek. Gauzak honela, nesken kategorian lehen mailako txapel gehien irabazi dituen surflaria bilakatu da, berekin batera munduko zazpi titulu zituen Layne Beachley australiarra gainditu baitu.

«Ez dago hitzik orain sentitzen dudana adierazteko, horregatik maite dut formatu berri hau, presioa eragiten dizu, egin dezakezun galdetzen diozu zure buruari, zinez izugarria da!», adierazi zuen Stephanie Gilmorek.

Finalean arerio izan zuen Carissa Moorerentzat hitz onak baino ez zituen izan australiarrak: «Surflari bikain horiek gainditzea lortu eta finalera iritsi... eta Carissa Moore, nire buruan aurtengo egiazko txapelduna den lehiakidea; eta biok uretan ginela pentsatzen nuen: benetan gertatzen bada izugarria izango da, zeren hor nago berriz ere Carissaren kontra, nire ustez nesken artean inoiz izan den surflaririk hoberena».

Ferreira vs Toledo.

Stephanie Gilmorek bezala, Italo Ferreirak lehen txandatik abiatu behar izan zuen eta azken txandara iritsi bitartean arerio guztiak birrindu zituen. Finalean ordea, ezin izan zuen Filipe Toledo aberkidea garaitu eta, ondorioz, bigarren aldiz WSL titulu mundiala irabazteko aukera galdu zuen.

Kanoa Igarashi japoniarra kaleratu zuen lehenik Ferreirak. Jarraian, Ethan Ewing australiarrari sekulako egurra eman zion. Hirugarren txandan Jack Robinson australiarrari ez zion aukera txikiena ere utzi txanda pasatu ahal izateko, eta azkenik, Filipe Toledoren kontra bi txanda egin zituen eta galdu egin zuen.

Toledo 2014an igo zen lehen mailara eta ordutik emaitza oso onak lortu izan ditu CT zirkuituan. Hirugarren postuan amaitu zuen 2018ko CT zirkuitua, urte bat geroago laugarren postuan amaitu zuen itzulia, eta iaz bigarren geratu zen. Horrez gain, hainbat CT txapelketa irabazi ditu eta sarritan bigarren postuan geratu izan da, baina inoiz ez zuen lortu munduko titulua, horregatik aurtengoa bere urtea izango zuela iragarri zuen, eta horrela izan da.

Oso ongi ezagutzen du Trestleseko urautsia brasildarrak, 2014an bere familia osoarekin Kaliforniara joan baitzen bizitzera, hain zuzen ere, Trestleseko urautsitik gertuen dagoen hirira, San Clementera. Iaz ere Trestlesen izan zen, formatu berriarekin lehen aldiz egin zen Final Handian, eta irabazteko zorian izan zen. Aurtengoan, ordea, lortu du.

Eskerrak emateko orduan Toledok ez zuen ahaztu Jesus Nazaretekoa: «Ez dago hau bezalakorik. Hau Brasilgatik da, nire familiagatik eta zuengatik guztiongatik. Lehenik, Jesusi eman nahi dizkiot eskerrak, nire bizi osoan nigatik egin duenagatik, azken astean eta urte osoan egin duenagatik».

Azken uneak nola igaro zituen azaltzeko orduan ere brasildarrak duen fede kristaua azaleratu zuen: «Lasaitasunari eutsi nion eta errekuperatu nintzen han goian den gizonari esker (Jainkoa). Bart gauean bilkura bat izan genuen; Terry, nire emaztea eta nire familia osoa bildu ginen John elizgizonarekin, eta bi hitz eman zizkigun, bakea eta boterea, eta horixe da egun osoan zehar izan dudana».

Bigarren postuan geratu zen Italo Ferreirak ere zorion hitzak izan zituen Toledorentzat. Bere esanetan, «pozik naiz Toledogatik, benetan merezi du titulu hau, pozten nau finalera iritsi izanak».

Aurrera begira gerra ematen jarraitzeko asmoa duela aditzera eman zuen Ferreirak: «Oso eskertua nago lehiatzeko aukera izan dudalako, azken urteetan lehen bost lehiakideen artean ohikoetako bat izan naiz eta soilik espero dut bedeinkatua izaten jarraitzea, osasuntsu egotea eta eboluzionatzen jarraitzea».

Gauzak honela, lehen mailako munduko CT itzulia amaitu da eta irabazleak izendatuak izan dira, baina hurrengo urtean lehen mailan izango diren 18 neska eta 38 mutilak nortzuk izango diren zehazteke dago oraindik.

Soilik 12 neska eta 24 mutilek dute hurrengo urtean lehen mailan jarraitzeko postua ziurtatuta. Geratzen diren postuak, ordea, oraindik indarrean den Challenger Series itzulia amaitzean baieztatuko dira. Ondorioz, esan daiteke lehen mailako itzulia ez dela guztiz amaitu.