Iker BIZKARGUENAGA
BILBO
HEZKUNTZA SISTEMAREN INGURUKO EZTABAIDA

Hezkuntza Lege berriaren bidean, aurreproiektua aurkeztu du Lakuak

Lakuako Hezkuntza Sailak lege berriaren aurreproiektua zabaldu zuen atzo, eta dokumentuak baieztatzen du Bigarren Hezkuntza bukatutakoan ikasleek B2 maila lortu beharko dutela euskaraz zein gaztelaniaz. Matrikulazio prozedura bakarra izango da, eta testuan sistemaren doakotasuna nabarmentzen da. Ekarpenak jasotzeko epea irekiko da orain, egitasmoa Ganberara itzuli aurretik.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, ikasturte hasiera dela-eta Donostiako Intxaurrondo Hegoa ikastetxean egindako bisitan.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, ikasturte hasiera dela-eta Donostiako Intxaurrondo Hegoa ikastetxean egindako bisitan. (IREKI | A)

Apirilaren 7an Hezkuntza Lege berriaren oinarriak onartu zituen Gasteizko Parlamentuak, lau talde nagusien babesa jasota. Helburua, besteak beste, hainbeste zauri eta arrakala eragin zituen 1993ko legea atzean uztea eta azken horrek dituen ageriko gabeziei erantzutea. Hezkuntza Saila lanean aritu da, hitzartutakoa oinarri hartuta, legearen aurreproiektua egiteko, eta atzo zabaldu zuen zirriborroa.

Bidea ez da bukatu, ekarpenak jasotzeko epea gaur bertan irekiko baita, eta aurreproiektua finduta dagoenean, Legebiltzarrera itzuliko baita lege izateko prozedurak aurrera jarrai dezan. Baina, ordura arte, hauexek dira sei atal eta 102 artikulu dituen lehen zirriborroaren ildo nagusiak.

B2 maila Bigarren Hezkuntzan

Hizkuntzari dagokionean, EAEko Hezkuntza sistema «eleaniztuna» izango dela nabarmentzen du testuak, betiere «euskara ardatz» izango duena, eta bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat kontuan hartuko dituena.

Ildo honetan, zenbait helburu ezartzen ditu. Hala, ikasleek euskaraz nahiz gazteleraz B1 maila lortu beharko dute Lehen Hezkuntza bukatzen dutenean, eta B2 maila, bi hizkuntza horietan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutakoan. Hori bermatzeko, Lakuako Hezkuntza Sailak «ebaluazio tresnak» jarriko ditu, eta haien jarraipena egingo du. Ez da zehazten, hala ere, «sistema eleaniztun» horretan orain arteko ereduek lekurik izango duten edo ez.

Bestetik, irakasleentzako formakuntza planak bultzatuko dira, euskara C1 maila edo gehiago lortzeko, baita ingeles C1 maila eskuratzeko ere.

Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortzeko asmoa zehazten du dokumentuak. Xedea, besteak beste, irakasleak euskal kultura transmititzeko gaitzea, euskal curriculuma lantzea, eskola materialaren sorkuntza antolatzea eta eskola eremuan normalizazio planak bultzatzea izango litzateke.

Udal Hezkuntza Kontseiluak

Prozesuaren hasieratik, gaur egun agerikoa den segregazioari aurre egiteko beharra nabarmendu dute akordioa erdietsi duten alderdiek, eta, alde horretatik, dokumentuak aipatzen du matrikulatzeko orduan prozedura bakarra ezarriko dela. Prozedura guztia udalekin lankidetzan egingo da; horretarako sortuko dira Udal Hezkuntza Kontseiluak.

Kontseiluen helburua, besteak beste, herrietako beharrak identifikatzea eta eskaintza antolatzea eta banatzea izango da, eta, alde horretatik, gurasoek erakunde horietan bertan jaso ahalko dute informazioa, ikastetxeetara banan-banan gerturatu beharrean.

Zirriborroaren arabera, ikasleen sarbide eta onarpen-prozesua «ekitatearen, hezkuntza-inklusioaren, gizarte-kohesioa sustatzearen eta eskuragarri dagoen hezkuntza-eskaintzaren barruan ikastetxea aukeratzeko eskubidea errespetatzearen printzipioen» arabera arautuko da, eta gaineratzen du, ikastetxe jakin batzuetan ikasle kalteberen kontzentrazioak saihesteko, barruti edo eremu bakoitzean hezkuntza-proiektu integralak garatuko direla.

Horiek hala, finantzaketa publikoa jasoko duten itunpeko ikastetxeek ikasle zaurgarrienak ere onartu beharko dituzte eta doakotasuna bermatu, eta ezingo diete irakaskuntzagatik kuotarik kobratu familiei. Hezkuntza Sailetik jarraipen estua egingo zaie itunpeko ikastetxeei, auditoretzak egingo zaizkie, eta kontabilitate gardena izan beharko dute. Gaineratzen da ez dela sexu edo genero aldetik bereizketarik onartuko.

Taldeen eta sailburuaren balorazioa

Hezkuntzaren inguruko akordioa hitzartu zuten taldeen artean, EH Bilduk atzo iragarri zuen «Hezkuntza Akordioari fidelak izanik beharrezko ekarpenak» egingo dituela «gure sistemak behar duen eraldaketa ahalbidetzeko». Eta ziurtatu zuen, Ikoitz Arrese legebiltzarkidearen hitzetan, koalizioak «hezkuntza komunitatearen parte hartzea bermatuko» duela Ganberan emango den prozesuan zehar.

Elkarrekin Podemosek, aldiz, oso irakurketa kritikoa egin zuen. Miren Gorrotxategi eledunak esan zuenez, Lakuak «ez du bete Legearen inguruan lortutako akordioa», eta iragarri zuen bere taldeak ez duela babestuko «itundutakotik eta arlo publikoaren defentsatik urruntzen den legerik».

Jokin Bildarratz sailburuak, bere aldetik, berak zuzentzen duen sailak testua «zuzenduko» duela adierazi zuen, behin aurkeztu ondoren jasotzen dituen iritziak kontuan hartuta.

Hain zuzen, honen harira LABek adierazi zuen «langileon aldarrikapenak kontuan izan eta hezkuntza-sistema propio bat eraikitzeko eragiten» jarraituko duela, eta iragarri zuen lege-egitasmoa hobetzeko proposamenak egingo dituela. Dena den, zabaldutako testuari gabezia handiak ikusten dizkiola aipatu zuen, nazio ikuspegitik, hizkuntzaren aldetik eta hezkuntza sistemaren antolaketari dagokionez, besteak beste.

Steilasek, aldiz, «ikastetxe pribatuek bizirik irautea bilatzen duen legeak segregazioa areagotuko» duela aipatu zuen eta alferrikakotzat jo zuen «dagoeneko eraginkorrak ez diren segregazioaren kontrako neurriak ezartzea, horiek egituraz segregatzen duen sistema dualari adabakiak jartzeko baino ez baitute balio».

Kontseiluak gabeziak ikusten ditu

Kontseiluak modu positiboan baloratu du aurreproiektuak berariaz jasotzea zein diren ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak derrigorrezko hezkuntza amaitzerako, eta prentsa ohar batean dioenez, «egokitzat» jotzen du legeak hitzarmenean adostutakoari jarraitzea. Hala ere, kezka adierazi du legea horretara mugatzen delako. «Horra iristeko euskal hezkuntza-sistemak ez du zehazten zein hizkuntza-ereduri jarraituko dion», deitoratu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

«Euskal hezkuntza-sistema eleaniztuna berresten du lege-zirriborroak, baina ez du zehazten nola interpretatu behar den sistema eleaniztuna izatea hizkuntza-ereduari dagokionez», esan zuen Bilbaok, eta gogoratu zuen hasieratik eskatzen ari direla zehaztapen hori; «alegia, datozen urteetako hezkuntza-sistemaren hizkuntza-eredua ezar dadila, horrek zerikusi zuzena izango duelako belaunaldi berri euskaldunak lortzearekin».

Horrekin batera, Kontseiluak uste du badirela hitzarmenak jaso eta Legeak bere egin beharko lituzkeen bestelako elementuak ere; hala nola euskara lehenestea hezkuntza-sistemaren baitan, hezkuntza jardueran zein harreman profesionalean, edota euskara erreferentzia-hizkuntza gisa indartzea eta hizkuntza-gaitasunaz harago ere euskal kulturaz jabetu beharra.I.B.