I. TELLERIA - A. URKIRI
BILBO
EUROPAKO MULTIKIROL TXAPELKETAK

Espainiako koloreei uko eginda lehiatu da Elexpuru Europako duatloi proban

Beteranoen lasterketan aritu da Juan Martin Elexpuru eta, Espainiako koloreak janztera behartuta zegoen arren, uko egin dio: «Umiliazio bat da».

Juan Martin Elexpuru bergararra, Bilboko helmugan, Gu Ere Bai ekimeneko kideekin.
Juan Martin Elexpuru bergararra, Bilboko helmugan, Gu Ere Bai ekimeneko kideekin. (Oskar MATXIN FOKU)

Atzo hasi zen egunotan Bizkaian jokatuko den Europako Multikirol Txapelketa. Proba horietan euskal kirolariak Espainiako edo Frantziako elastikoarekin lehiatzera derrigortu zituztela-eta, azken asteotan zenbait eragilek eta kirolarik beren desadostasuna erakutsi dute.

Duatloi txapelketa jokatu zen atzo goizean eta beteranoen proban parte hartu zuen Juan Martin Elexpuruk uko egin zion Espainiako elastikoarekin lehiatzeari. Hala, Debagoieneko Antxintxika triatloi taldeko jantziekin jardun zen. NAIZ Irratian azaldu zuenez, «tranpetan eta gezurretan» aritu behar izan zuen kontrol guztiak pasatzeko eta, azkenean, ikurrina eta Nafarroako bandera zituen pegatina bat «erdi estalita» zeramala, lasterketan parte hartu ahal izan zuen.

Azken metroetan, Gu Ere Bai dinamikako zenbait kiderekin elkartu eta ikurrina eta Nafarroako banderak lau haizeetara zabalduta helmugaratu zen. Bosgarren egin zuen eta, momentuz, sailkapen nagusian agertzen da; alegia, ez dute kanporatu. «Bidean epaile batek esan dit bukaeran nirekin hitz egingo zuela, baina ez dakit ezer», azaldu zuen NAIZ Irratian.

Espainiako edo Frantziako koloreekin lehiatzera derrigortzea «umiliazio» bat iruditzen zaio Elexpururi eta, beraz, «intsumisioa» egitea pentsatu zuen. «Euskal Herriak antolatzen duen txapelketa batean Europako 32 herrialde egotea eta gu kanpoan geratzea» onartezina iruditzen zaio kirolariari.

«BABES OSOA»

Ekintza eredugarritzat jo zuen Gu Ere Bai dinamikako bozeramaile Patxi Gaztelumendik Juan Martin Elexpururen aldarrikapena. Datozen lehiaketetarako «bide bat ireki» du, bere esanetan; Gu Ere Bai plataformak babes osoa eskainiko die «inposaketari aurre egin eta norbere koloreekin lehiatzeko hautua egiten dutenei».