Ane URKIRI ANSOLA
ARRAUNA

Eusko Label liga gori-gorian, Hondarribiak Bermeon irabazi ostean

Hondarribiak irabazi du Bermeoko uretan, Urdaibairekin lehia estua izanda. Puntu bat jan dio «Bou Bizkaia»-ri eta, bien arteko aldea bi puntukoa dela, Portugaleteko erlojupekoan erabakiko da irabazlea. Tolosaldeak eta Lekittarrak lehen urratsa eman dute.

Hondarribiak, Bermeon irabazita, liga denboraldiko zortzigarren garaipena ospatu zuen.
Hondarribiak, Bermeon irabazita, liga denboraldiko zortzigarren garaipena ospatu zuen. (Oskar MATXIN FOKU)

Hondarribiak liga denboraldiko zortzigarren garaipena lortu zuen atzo arratsaldean Bermeoko uretan. Lehia ezin estuagoa izan zen “Ama Guadalupekoa” eta “Bou Bizkaia”-ren artean eta liga gori-gorian dagoela iritsiko da gaurko azken estropadara. Urdaibaik jarraitzen du lider, baina Hondarribiarekiko aldea soilik bi puntukoa da eta berdinketa gertatuz gero gipuzkoarrentzat litzateke liga garaikurra, bi garaipen gehiago lortu dituztelako.

Bien arteko lehia azkenera arte emozio handikoa aurreikusten da. Atzo ere ez zuten kale egin. Gipuzkoarrak indartsu atera ziren eta lehen ziabogarako bost segundoko aldea atera zieten etxekoei. Iker Zabalaren mutilak hirugarren iritsi ziren lehen ziabogara -Donostiarra sartu zen erdian- eta gipuzkoarrentzat amestutako estropada izaten ari zen. Bermeotarrek, baina, beren potentzia gorena atera zuten barrurako luzean eta bigarren ziabogarako estropadan aurretik jarri ziren.

Kasik parez pare aritu ziren Hondarribia eta Urdaibai, eta Donostiarra eta Orio bigarren planora pasatu ziren, ezinbestean. Azken ziabogan denbora bera egin zuten eta laugarren luzean epailea ere beraien artean sartu behar izan zen. Horren ondotik, gipuzkoarrek aurrea hartu eta bukaeraraino mantendu zuten aldea.

Liga bi punturen bueltan iritsiko da azken jardunaldira, zeina Portugaleteko ibaian erabakiko den erlojupeko formatuan. Edozer gerta daiteke eta, beraz, emozioa ez da faltako. Ioseba Amunarriz patroiak adierazi zuen Kontxako Banderan «burumakur» bukatu zutela eta honekin burua apur bat altxatu dutela azken txanpara begira. «Badakigu zail dagoela, bion artean beste ontzi bat sartu behar baita».

Zierbenak, lehen txandan arituta, laugarren bukatu zuen eta seigarren postua kendu dio, momentuz, Kaikuri. Getariak ere Orioren denbora hobetu zuen.

TOLOSALDEA ETA LEKITTARRA

Bermeoko XL. Bandera jokatzeaz gain, Euskotren ligako eta Eusko Label ligako play-offak ere jaso zituen Bizkaiko udalerriak. Kasu hauetan erlojupekoan lehiatu ziren eta emoziorako tarte gutxi zabaldu zen, hein handi batean faboritoek beraien rola bete zutelako, ezustekoak saihestuz.

Tolosaldeak, aurten estreinakoz gorengo mailan aritu denak, ez zion aukerarik eman Deusturi. Bien arteko dema izan zen play-offean, Tiran azkenean modu zuzenean igo baita Euskotren ligara, Chapelak bere postuari uko egin ostean. Hala, ETE ligan hirugarren geratu den ontziaren eta Euskotren Ligakoaren artean oraindik ere distantziak handiak direla argi geratu zen.

Maialen Amondarain izan zen patroia gipuzkoarren ontzian eta, ziabogan olatuak kanpora eraman bazuen ere, barrurako luzeran indartsuagoak direla erakutsi zuten. Azkenerako, 16 segundoko aldea atera zieten bizkaitarrei.

Alde berbera atera zion Lekittarrak Samertolameuri. Bizkaitarrek sentsazio mingotsarekin bukatu zuten liga erregularra, baina horiek alboratu eta indartsuagoak direla erakutsi zuten. Pauso handia eman zuten estropada irabazi eta bost puntu batuta, baita aurkariei alde handiak zabalduta ere. Iñaki Goikoetxea patroia, dena dela, zuhurtziaz mintzatu zen eta gaur lanak errematatu beharra nabarmendu zuen. Samertolameuk egin zuen bigarren, Bueu, San Pedro eta Pedreñaren aurretik.