GARA Euskal Herriko egunkaria

Desagertu aitzin


Pasa den asteburuan Glisseguna surf txapelketa izan da Angelun. Euskara sustatzeko Euskal Herrian egiten den surf txapelketa bakarra da nik dakidala, eta euskarak presentziarik ez duen eremuan egiten da gainera. Hori nahikoa ez eta euskarak etsai gehien dituen Lapurdiko eremua ere bada.

Duela 20 urte hasi ziren Glisseguna ospatzen. Helburua zen haurrei ikastolatik kanpo ere euskara erabil daitekeela erakustea eta horretarako bitartekoak eskaintzea. Gaur egun bi ekitaldi egiten dira; batetik, surf txapelketa eta, bestetik, haurrentzako jolasak, ikusgarriak eta kontzertuak biltzen dituen ekitaldi jendetsua.

Seaskako antolatzaileek surflarien esku utzi zuten txapelketa antolatzea, itsasaldiak eta eguraldia kontuan hartuta ahalik eta txapelketa txukunena antola zezaten. Txalogarria da Lapurdi Surf elkarteak egiten duen lana; babesleak aurkitu, baimenak eskatu, parte hartzaileak bildu, eta horrela, modu autonomoan egiazko surf txapelketa bat antolatzen dute, euskararen alde.

Errealitatea gordina da. Oso euskaldun gutxik hartzen du parte eta lehiakideen %95ek frantsesez bakarrik egiten dute. Ondorioz, txapelketari kutsu euskalduna emateko egiten diren saiakera guztiak folkloriko bilakatzen dira. Dantzariak, trikitilariak eta baita euskaraz ari den esataria ere estanpa folkloriko bilakatu dira. Inork ez die ulertzen, irribarre batekin begiratzen diete «tradizioak» gordetzen dituzten pertsonaia arraroei, gizartetik at dauden xelebreak balira bezala. Ziur aski, lagun artean euskaldunak imitatzen barre-algaraka ere arituko dira haietako batzuk.

Aitzitik, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ez dut uste egoera askoz hobea denik. Nik dakidala ez da euskara eta surfa lotzen dituen ekimenik antolatzen eta ama-hizkuntza euskara duten surflari famatuek gazteleraren aldeko hautua egin dute.

Angelun egin zen Europako txapelketan surflariek beren artean nola hitz egiten zuten aztertu nuen. Bizkai eta Gipuzkoako surflariek ingelesez hitz egiten dute Lapurdiko lagunekin. Euskaraz dakienak ere ez du egiten, eta, aurrekoek abiarazi zuten sokari jarraituz, beren buruak “munduko hiritar” gisara aurkezten dituzte. Ikusi besterik ez dago zein hizkuntza erabiltzen duten surflari ezagunek beren Instagram, Facebook eta antzeko plataformetan: Gaztelera. Munduko hiritarrak, finean, Estatu inperialistetako mertzenario hippyak baino ez baitira, bestela hizkuntza zabalago bat hautatuko lukete munduko beste hiritarrekin komunikatzeko.

Laburbilduz, ahalik eta jende gehien biltzeko ekimenak ez dira eraginkorrak, gehiengoa ez baita euskalduna, nahiz eta euskaraz hitz egiten jakin. Agian jende gutxiago biltzen duten ekitaldiak antolatzen hasteko garaia da. Batzearen aldekoa naiz, baina urrats batzuek zatiketa eskatzen dute. Euskara eta surfa lotzen dituen ekimen bat antolatu behar bada, bi irizpideekin bat egingo duen jendearekin izan dadila, ez bakar batekin, zeren hobe da txiki, ezdeus baino.