GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Urdaibairen errematea Portugaleten, bandera eta zortzigarren liga irabazita

«Bou Bizkaia»-k bigarren luzean apurtu du dema eta ez du utzi ezustekorako tarterik. Kontxa irabazi eta astebetera, ligako zazpigarren garaipena erdietsi eta ligako garaikurra jaso du. Tolosaldea, Lekittarra eta Samertolameu gorengo mailan ariko dira.

Urdaibaiko eskifaia, Portugaleteko bandera eta liga garaipena ospatzen. (Oskar MATXIN FOKU)

«Denboraldiaurrean tarteak handitzen zizkiguten bigarren luzean. Hori lantzen aritu gara, gure bertute izateraino», onartu zuen Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak, Portugaleteko bandera eta liga irabazi berritan. Herenegun Hondarribiak Bermeon irabazi ostean, sailkapen nagusia apur bat gehiago estutu zen, baina “Bou Bizkaia”-k ez zuen ezustekorako tarterik utzi Portugaleteko erlojupekoan. Hala ere, kirol lege osoz, Aranberrik zein Iker Zabala entrenatzaileak “Ama Guadalupekoa”-ren lana goraipatu zuten, aurkari gogorra izan delako eta Getariako akatsaren ostean ere gogor lan egin duelako.

Zortzigarren liga irabazi du Bermeoko klubak, aurtengo denboraldirako sekulako apustua egin ostean. Santurtzirekin zerua jo zuten zenbait arraunlari eta entrenatzailea berreskuratu zituen eta aurten bera izan da goia jo duena. Euskadiko txapelketa irabazi zuen, Eusko Label ligako bandera esanguratsuenak ere bereak izan dira eta Kontxan ere nagusi izan zen. «Talde honi ezin zaio gehiago eskatu, oso zaila da lortu duguna», azpimarratu zuen Aranberrik.

Zabalak, bestalde, iritzi du traineruak azkarrago egin dezakeela arraun. Klubera itzuli zenean «ondo landu gabeko» talde bat aurkitu zuela onartu du eta aurten helburua egoera hori hobetzea izan dela.

Erregulartasunaren saria jaso zuen Urdaibaik, denboraldi osoan zehar akats larririk egin gabe ibili baita. Getarian, bigarren ziabogan, eginiko hutsegitea gogotik ordaindu du, bestalde, Hondarribiak. Hain zuzen ere, une hori gogoan izan zuten Aranberrik zein Zabalak eta onartu zuten «Hondarribiak ere guk bezainbeste merezi» izan duela irabaztea.

«Kirolean pasatzen diren gauzak dira», onartu zuen Orbañanosek. «Zailtasun horiek gainditu egin behar dira. Saiatu gara maila ematen, aurkari gogor bat izaten eta uste dut lortu dugula», esan zuen Hondarribiko entrenatzaileak, zazpigarren aldiz segidan ligan bigarren amaitu ostean.

Ligako beste izen nabarmenen artean dago Orioko patroi Ander Etxegoien, ligako patroi onenaren saria irabazita. Igo berriak izan diren Getariak, bosgarren bukatuta, eta Kaikuk, seigarren, sekulako denboraldia burutu dute.

BEZPERAKO LANA BERRETSI

Play-offetan bezperan eginiko lana berretsi zuten Portugaleteko ibaian Tolosaldeak, Lekittarrak eta Samertolameuk.

Emakumezkoetan emozio gutxi izan zen, gipuzkoarrek segituan atera baitzuten alde nabarmena Deusturekiko. Kasik minutu erdiko errentarekin irabazi zuten.

Gizonezkoetan, Samertolameu nagusitu zen atzoko erlojupekoan, baina Lekittarra bezperan eginiko lan onaren babespean seguru aritu zen. Hala mailari eutsi zioten bizkaitarrek eta igoera lortu zuten Meirakoek.