SEP. 21 2022 Ariketan sakondu eta eremu berriak irabaztera dator hirugarren Euskaraldia Entitateen izen-ematea zabaldu zuten maiatzean. (Raul BOGAJO | FOKU) Maider IANTZI DONOSTIA “Hitzez ekiteko garaia” leloarekin, euskarazko praktikak hedatzera dator hirugarren Euskaraldia. Ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago martxan jartzera. Ariketan sakontzea eta leku berrietara heltzea da helburua, pauso kuantitatibo zein kualitatiboekin. Izen-emateetan eta egindako ehunka bileretan bide onean doazela sumatu dute jada, atzoko topaketan azaldu zutenez. Goiatz Urkijo ekimeneko koordinatzailea, Garazi Azkue komunikazio arduraduna, Euskaltzaleen Topaguneko Iker Martinez de Lagos eta Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordea elkartu ziren hedabideekin. Agertu zutenez, pandemia ondoren kaleak berreskuratzen ari gara eta «Euskaraldi giroa» sortu nahi dute azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hamabost egunez, ariketa egin baino lehen. Praktika ikusgarri egin nahi dute, aurreko edizioetako ikerketek erakutsi baitute txapak erabiliz eta komunitatea ezagutuz seguruago eta lasaiago egiten dugula euskaraz. Asmo horrekin, lorpenak eta erronkak erakutsiko dituzte herrietan #HitzezEkiteko leloarekin. Orion eta Soraluzen egin dute jada. Ahalduntze eskolak Euskaldunon ahalduntze eskolak dira bertze berrikuntza bat. Lau eskola pilotu eginen dituzte Donostian, Tolosaldean, Errenterian eta Getxon. Urriaren bukaeran hasiko dira eta hamar aste iraunen dituzte. Euskaraldiaren furgoneta ere ikusiko dugu herriz herri: Euskaraldiaren gune ibiltaria da, informazioa, denda eta giroa zabalduko dituena. Asteburuan Oriotik abiatu eta Portugaleten izan zen, eta gaur Sopela bisitatuko du, bihar Arrigorriaga, etzi Laudio, asteburuan Gasteiz eta Amurrio... Udazken osoan ibiliko da. Irailaren 28an irekiko dute ahobizi eta belarriprestek izena emateko aukera eta arratsalde horretan ekitaldi nazionala eginen dute Bilbon. Dobaranek adierazi zuenez, «oso une onean» dator Euskaraldia, Korrika arrakastatsu baten ondotik eta jendea sozializatzeko gogoz dabilela. «Goazen euskara eskaintzera», egin zuen gonbita.