GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren top-ak


Top-aren sailkapenak egiteko moduak. Tokian tokiko zerrendak, etxekoa, bizilagunena, auzokoa, herrikoa, edo bailarakoa, lurraldekoa, eskualdekoa, herrialdekoa, naziokoa, estatukoa, edo transnazionalitatekoa, edo unibertsokoa. Zein da sailkapen zehatzena Top 10a osatzeko? Korapilo handia erabakitzeko zein den kantarik edo talderik mediatikoena, dagokion ataleko mediatikoena. Unibertsoko atalera iristea nekeza izango da. Jendeok errazera jotzen dugu eta estatuak globalizatzen dituzten zerrendetara joaten gara. Aukeran, niri Euskal Herriko sailkapenak interesatzen zaizkit. Eta desberdinduko al ditugu emakumeen atala, batetik, eta gizonezkoena, bestetik? Merezi al du alimaleko lan eskerga horiek hartzea?

Atal geografikoak albo batera utzita, zein den talderik mediatikoena jakiteko, azpi-sailkapen berriak hartu beharko genituzke kontuan. Hala nola, zenbat kontzertu eskaini dituzten urtean, zenbat ikusle joan diren emanaldietara. Doakoak eta ordaindutakoak argitzeko, fakturazio eta katxearen datua ezagutuz. Urtez urteko datuak zenbatuta aterako zaigu talderik mediatikoena. Dena den, urtean 30 kontzertutik gora emandakoak leudeke eta, gutxienez,ehun mila euro fakturatutakoak. Datu horiek guztiak kontuan hartuta aterako litzaiguke Euskal Herriko talderik mediatikoena. Beste sailkapen bat, euskaraz kantatzen dutenena. Egingo duzue zuen Top 10a? Merezi al du? Seduzitu al zaitu ideiak?